Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Termopiletan barrena

2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
«Zer da telebista zuentzat?», galdera hori bota nuen duela gutxi tarte honetan bertan. Asko aldatu da telebista azken urteetan, eta ikusteko moduak ere hamaika dira. Hain modan dauden plataformak telebista al dira? Eta web telesail bat? Ekografiak hartan aitortu nizuen niretzat telebista trastea bera zela, pantaila. Bertan ikus dezakedan guztia da telebista niretzat, edo hala zen orain arte.

Zortez, gure ziurtasunak zalantzan jartzen dituen jendea existitzen da, eta gure inguruan ere baditugu halakoak. Hilaren 14an estreinatuko dute Ixa telesaila; aplikazio bidez ikusiko da, eta, hari esker, goitik behera erori zait berriz nire telebistaren definizioa. Ixa sakelakoaren bidez ikusteko telesail bat da. Hau da, ez da ohiko telesail bat, baina ezta web telesail bat ere. Hau, app telesail bat da (hau bizkorregi doa...).

Zut aplikazioaren bidez ikusi ahalko da, eta 5-10 minutuko sei istorio independente bilduko ditu. Instagramek bekatu zinematografikoaren zokotik atera duen formatu bertikalean grabatuak daude, eta nork esango zidan niri? Horregatik bakarrik, erabat kontra egongo ez nintzenik? Esandakoa, gure ziurtasunak zalantzan jartzen dituen jendea dago munduan, eta eskerrak!

Trailerra estreinatu berri dute, eta, egia esan, oso itxura ona du. Badirudi Black Mirror ukitu bat izango duela, eta onartuko dizuet estetika hori ikusita soilik berotzen hasia naizela. Horrez gain, izen fidagarriak ageri dira aktoreen zerrendan, eta horiek aktore gazteen izenekin uztartzen dira. 2deo ikus-entzunezko laborategiaren laguntza jaso zuenean izan nuen proiektuaren berri lehen aldiz. Egun hartatik, nire interesa piztu zuen. Aipatutako trailerra ikusi ondoren, lehen atalaz gozatzeko dudan gogoa izugarria da.

Esan beharrik ez dago Ixa-ren atzean dagoen jendea gaztea dela, eta horrek are gehiago pozten nau. Ez gazteen ideietan eta gaitasunean zalantzarik dudalako, baizik eta gurean, ez delako ohikoa gazteei aukerak ematea. Gutxi egiten da gure inguruan, eta egiten den gutxira sarrera izateko bideak oso estuak dira. Are gehiago aurretik ezer potoloa egin ez duen jendearentzat (asko gara Termopiletako pasabide honen biktimak Euskal Herrian). Egoera aldatzen ez den bitartean, Ixa sortu duen talde gazte honena bezalako garaipenez gozatzen jarraitu beharko dugu. Bejondeizuela!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.