Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Rol jolasean

2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Honezkero gutxi izango dira filmak eta telesailak sarean ikusteko ordainpeko plataforma bat edo beste probatu ez dutenak. Dela lagunekin kontua konpartituta; dela lehengusuari pasahitza lapurtuta; edo dela doako lehen hilabeteaz soilik gozatuz gero beste batera aldatzeko. Netflix, Amazon Prime, HBO, Movistar+... Antzekoren batean muturra sartu duenak badaki: ikusgai dauden telesailen kopurua agortezina da ia; lagunen gomendioei segika ez bada, zaila da asmatzea: nondik hasi? Gustuko bat topatzeak ere ez du kezka eta ezinegona kolpetik usatzen. Biderkatu denboraldi eta atal kopurua: zenbat ordu eskaini beharko dizkiozu? Zenbat egun? Zenbat lan utziko duzu egin gabe? Zenbat laguni esango diozu ezetz, gaur ezin duzula joan? Konpromisoari beldurra izango da ziur asko, baina hasiera batean gustuko telesailaren bilaketa zena bestelako jolas bihurtu zait orain. Telebista bateko ardura postu batean legokeen norbaiten gisan hasi naiz jokatzen: lehen atalak ikusten ditut —pilotoak—, bata bestearen atzetik, abiapuntua eta aurkezten duen mundua epaituz: ea originala den, publikorik izan dezakeen, ea baduen nahikoa grazia eta pindar, pertsonaiek ba ote duten haria etengabe luzatzeko adina mami eta ertz... Denbora gutxian, dozenaka telesailen sasi-ikusle bihurtu naiz hala. Sasi-jakintsu.

Millennial-ak azkar aspertzen gara ordea. Pizgarri berrien bila ari nintzela otu zait rol are zehatzagoa hartzea: ETBko fikzio arduradunarena. Aspaldian ez dugu bere lanaren emaitzen berri, baina izan, ba omen da bat. Aurreko balorazio irizpideei berria gehitu behar izan diet hortaz: Euskal Herrian eta ETBk dituen baliabideekin ekoitzi daiteke? Aurreikuspen guztien kontra, eta bi iragazkiak pasata, baiezkoaren multzoan morxdoxka bat geratu zaizkit oraindik: Girls, This is Us, Love, Catastrophe, Happy Valley eta Shameless. Gaur egungo istorioak, originalak eta gutxi-asko egingarriak denak.

Bistan denez, akats larriren bat egin dut prozesuan zehar. Kale egin dit irizpideren batek, barkaberegia izan naiz, edo ez dut zegokidan rola behar bezain ongi ordezkatu. ETBko fikzio arduradunaren bereizketan baiezkoaren multzora ez da bakar bat ere iristen. Bitartean, ikusgai dauden telesailen kopurua agortezina da ia. Netflix, Amazon Prime, HBO, Movistar+... Nondik hasi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.