Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Musikariak ikusten ditut

2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Gaitz arraroren batek jota nabil azkenaldian. Diagnostikatu gabeko ikusmen trastornoren bat izango da agian —sekula ez naiz okulistarenean izan; nork daki? Edo ez. Baliteke zuri ere gauza bera gertatzea. Kontua zera da: eguna eta ordua edozein dela ere, telebista piztu, eta etengabe ikusten ditudala; ezker eta eskuin, dokierki. Mamuak ez. Musikariak. Abeslariak, partikularki.

Ikusten ditut dantzan, ulertzen ez ditudan lehiaketetan, iragarkigintzan, epaimahaietan, mozorro festatan, herri mugimenduak babesteko pankarten atzean edo aurkezle lanetan. Autoparodiaren mugetan batzuk, honezkero saio gidari gisa —merezimenduz—egonkortuta bestetzuk. Han eta hemen.

Goenkale-ko starring zerrenda eliteko kirolariek bete zuteneko hartatik —Naroa Agirre eta Perurenatarrak gogoan— halakorik ikusi gabeak ginen. Ez nau harritzen, hala ere. Telebistan agertuko den horrek behar duelako izan hizlari fina; komunikatzaile ona; lotsa handirik gabekoa —edo batere gabekoa, segun eta zein saiotan hartu beharko duen parte—; fokopeetara egina; eta, itxuraz, gero eta gehiago, aurretik ere jarraitzaile andana badituena. Eta bai, abeslariek, edo mordoxka batek behintzat, ezaugarri horiek batzen dituzte.

Baina ez denek. Zer gertatzen da talentu horiek ez dituzten gainontzeko musikari guztiekin? Bada, zorionez —eta Koldo Otamendi (beste gauza askoren artean) aurkezlearen enpeinuz— telebistan agertzeko beste bide bat ere badute: Hamaika telebistako Musika Zuzenean saioa. Dozenaka talderen erakusleiho izan ondoren, bigarren sasoia hasi berri dute. Bertan, harrigarriki, protagonistek ez dute ez dantzatzen, ez lehiarik egiten. Musika joaz eta euren lanaz —musikari-lanaz, kasu honetan— hitz egiten aritzen dira, patxadaz, bestelako osagarrien premiarik gabe.

Ematen dute datozen kontzertuen berri ere, eta ez da aportazio makala. Hori baita —talde zein bakarlarien lanaren berri ematea— musikarien alde egiterik den gauza onentsuena. Hori eta zuzenekoetara joatea; sarrera ondo ordainduta bada, hobe. Telebistan agertu nahi ez dutenek, hizlari kaskarrek edo instagramen jarraitzailerik ez dutenek alokairua ordaintzeko modu bat izan dezaten. Eta behin alokairua ordainduta, nahi duenak bakarrik egin dezan telebistara salto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.