Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Heroiak

2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
ETBren denboraldi berriko saioez aritu ginen Miren Manias eta biok duela aste batzuk, baina ez da hor amaitzen euskaraz egiten den telebista, irakurle maiteok. Azken hamar urteetan tokiko telebista batean egin dut lan, eta gaur, ezagutzen dudanaz hitz egin nahi dizuet. Goierri Telebistak hamabost urte bete zituen pasa den urtean, eta aste honetan denboraldi berriari ekin diote. Eguneroko albistegiaz gain, ekoizpen propioko lau saio eta gainontzeko tokiko telebistekin elkarlanean garatutako beste bat eskainiko dituzte 2019-2020 denboraldiaren lehen txanpan.

Astelehenetan Goierri Kirolean saioa eskainiko dute. Horretan, eskualdeko kirol ekitaldien inguruko erreportaje zabalak ematen dituzte. Astearteetan, Goierriko (Gipuzkoa) edozein txokotan eginiko kultur emanaldi bat osorik ikusteko aukera izaten da. Asteazkenetan, Urrutiajunbe saioaren txanda da. Horretan, Goierriko jendea eta albisteak sakonago ezagutzeko aukera ematen dute, eta aurkezle anitzen eskutik. Ostegunetan, berriz, hamabost urtez pilatutako artxibo irudi eta dokumentazio lan izugarri bati esker, garai bateko Goierri eta goierritarrak nolakoak ziren gogoratzeko balio duen Denbora da poligrafo bakarra saioa ikus dezakezue. Horrez gain, gainontzeko tokiko telebistekin elkarlanean, Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketaren inguruko saio berezi bat ekoizten dute. Egunero berritzen den eta lanaldiaren gehiengoa hartzen duen Gaurkoan Goierritik albistegia ere osatzen dute. Amaitzeko, Euskal Herriko tokiko beste hainbat telebistarekin partekatzen dituzte saioak, eta horrek aukera ematen die eguneko 24 orduetan emititzeko.

Astero, ekoizpen propioko lau saio ekoizten dituzte (30 minutu bakoitzak). Hari, elkarlanean garatutakoa gehitu behar diogu (beste ordu erdi). Amaitzeko, albistegia osatzen duten hogei bat albiste asteko (hogei albiste, batez beste hiru minutu bakoitzak, beste ordubete). Orotara, beraz, hiru ordu eta erdiko programazioa ekoizten dute astean. Eta badakizue zer den sinestezinena? Hori guztia lau erredaktore-kamerari-editoreren artean egiten dutela. Bai, lau pertsona. Nire miresmen guztia beraientzat, eta barnean topatu dezakedan gorroto guztia, berriz, tokiko telebistak etengabe saioak errepikatzen dabiltzala esaten dutenentzat, zertaz ari diren jakin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.