Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Tresnak eta oztopoak

2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Zer izan behar luke gaztelaniak ETBrentzat? Badakit batzuk behintzat ETBk gaztelaniazko kate bat izatearen aurka zaudetela. Zuen ustez ez litzatekeela existitu ere egin behar. Zutabe honen helburua ez da eztabaida horretan sakontzea, baina aitortuko dizuet ez nagoela ados zuekin. Beste kontu bat da, ordea, gaztelaniazko kate horren ereduarekin eta helburuekin, edo lehen eta bigarren kateen arteko desorekarekin ados nagoen.

Gaztelaniazko kateak jendea euskal kulturara gerturatzeko balio beharko luke. Kulturara, mundu ikuskerara, baita euskarara ere. Nagusiki gaztelaniaz egituratutako programazio batek sarbide izan beharko luke, kate nagusi izango litzatekeen euskarazko katearen programazioan murgiltzen hasteko. Zutabea zabaltzeko aukeratu dudan galderara itzuliko naiz: zer izan behar luke, beraz, gaztelaniak ETBrentzat? Ba nire ustez, tresna bat. Gaztelania kontsumotik euskara kontsumorako zubia egingo duen tresna bat. Gaztelaniaz bizi direnak gure hizkuntza normaltasunez barneratu eta ikasten joateko amu bat. Helburua beti ikusleak lehen kate nagusira erakartzea izanik, noski. Badakit barre algara batek ihes egin dizuela, eta ez zaizue arrazoirik falta hau idazten ari dena tentela dela pentsatzeko. Bai, gaur egungo eredua azken lerroetan plazaratu dudanaren antipodetan dago. Euskara bigarren mailako hizkuntza bilakatu dute eta gaztelaniazko programazioari folklore jator ukitu bat emateko besterik ez du balio (ezberdinak garela, demontre!). Are larriago dena, nagusitasun begirada batekin, gure hizkuntza abarkaduntasun batekin lotuz. Ia, gure amonaren garai bateko istorioetan bezala. Ikusi Conquis.

Aurrekoan Joseba Argiñanoren Historias a bocados ikusten aritu nintzen. Araotzen izan zen (Oñati, Gipuzkoa): saio osoan zehar, eta amaierako eskalatzean bereziki, gaztelania behartua sentitu nuen. Euskaraz ederki hitz egiten duen jendea, egunero euskaraz bizi direnak tartean, gaztelaniaz telebistan elkarrekin hizketan. Eta nire galdera da: Zertarako? ETBren helburuak euskara sustatzea behar luke, egunero jende gehiagok gure hizkuntzan hitz egitea. Zer demontretarako balio du ETBk, hiztunak gehitu beharrean kentzen badizkigu? Zertarako balio du ETBk, gaztelania tresna moduan baina euskara oztopo moduan ulertzen badu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.