Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Ardura guztiona da

2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Atzo eman genion amaiera Etxepare institutuaren eta Edinburgoko Unibertsitatearen artean antolatutako nazioarteko kongresuari, Edinburgon. Hain zuzen ere, Hizkuntza gutxituetako hedabideak eremu digitalean lelopean. Bi eguneko mintegiaren helburua hau izan da: testuinguru digitala mugatutakoa ala mugarik gabeko eremua den aztertzea, hizkuntza gutxituen ikuspegitik. Munduko toki ezberdinetatik etorritako parte hartzaileak bildu ginen; besteak beste, Frisiako, Ghanako Errepublikako, Irlandako, Bosnia eta Herzegovinako, Galesko, Kornuallesko eta Euskal Herriko lagunak. Eztabaida biziak izan genituen, eta, laburbilduz, adostasun puntu batera iritsi ginela esango nuke. Telebistaren eredu tradizionalak jada ez du balio.

Funtsean, telebistaren gaineko definizioa zehaztea da une honetako gauzarik zailena. Zehatzago esanda, testuinguru digitalera egokitzen asmatzea. Zalantzarik gabe, are zailago dute hizkuntza gutxituetan ari diren hedabideek (idatzizko prentsa, telebista, atari digitalak...). Izan ere, horien baliabide teknikoak eta ekonomikoak mugatuak dira. Kongresuan azaldutako kasu guztietan, behintzat. Kontua da krisi ekonomikoaren ondorioz baliabide horiek gero eta murritzagoak direla. Publikoak zein pribatuak. Eta nazioarteko komunikazio talde handien aurrean, babes instituzionala hil ala bizikoa da.

Kasu horietako batzuetan elkarlana da irtenbideetako bat. Herrialde bereko hainbat erakunderen artean sortutako ekimen komunikatiboak, alegia. Frisiako lagunek aurkeztutakoa da horren adibidea: To the max izeneko proiektu transmedia. 12 eta 14 urte arteko gazteentzat ekoiztutako istorio interaktiboa da. Youtube, Instagram, Twitter eta WhatsAppen moduko aplikazioak erabiliz, fikziozko edo entretenimenduzko edukia. Horri guztiari marketin kanpaina masiboa erantsi zioten. Zertarako? Gazte komunitatearen parte hartzea sustatzeko, fikzioak azaltzen zituen arazoei modu komunean irtenbidea emateko. Proiektuak, gainera, emaitza interesgarriak bildu ditu.

Eremu digitalera egokitzea, beraz, ez da soilik hizkuntza gutxituetako hedabideen ardura. Sektoreko bestelako eragileen, hiztun komunitatearen eta agintari publikoen konpromisoak ere beharrezkoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.