Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Munduko euskaldunei

2018ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Garai berriak zer diren. Honezkero arrisku kirola da mundu zabaleko edozein trenetan bi eserleku haragoko hartaz gaizki esaka euskaraz aritzea. Herrien arteko elkartasunaren ondorioa izango da; prekarietate eta aukera faltarena; Etxepare Institutuaren Irakurletza programaren meritua; edo Global Training, Erasmus eta bestelako asmakizun globalizazio zaleena bestela. Baina hala da: inork ez daki zehazki euskaldunak zenbat garen —optimismo mailaren araberakoa izaten da—, baina garen gutxi edo asko horiek han eta hemen gaude, non-nahi.

Horregatik —kirol lorpenak egiten dituzten kirolarien euskal arbasoak gogoratzeak harrotzen ez nauen bezala— ez nau batere harritu ETB1ek aste honetan estreinatu dituen bi saioen bidez Parisen eta Jerusalemen euskaldunak egon badaudela jakiteak. Ur handitan atzerrian eta Euskalonski-k bide txalotua egingo badute —oraindik goizegi da balorazio borobiletan sartzeko—, ez da izango, hortaz, munduan barna galdutako euskaldunak aurkitu dituztelako; aurkitu dituztenek pantaila parean jarri eta esateko dituztenak aditzea merezi dutelako baizik. Eta ekarri dituztelako gure etxeetara prime time-an inoiz gutxitan entzuten ditugun zenbait kontu.

Estreinaldian, behintzat, halaxe izan da. Xabier Madariagaren parean jarrita, Israelen ilunak eta palestinarren minak hobeto ulertzen lagundu ziguten batzuek; dela adituaren ziurtasunetik arituta —Mikel Aiestaranek, kasurako—, dela bizipen oinarrizkoenetatik. Eta besteek, Pello Reparazen konpainian, telebista publikoaren arduradunak urduritzeko modukoak bota zizkiguten askorik desentonatu gabe: euskaraz aritzea —zoritxarrez eta oraindik aktibismoa ere badela, eta munduarekin harremantzeko ez dugula, ezinbestean, gaztelaniaren beharrik.

Asko eskatzea izango da, agian —iraila da, eta oraindik exigente izan beharra dago— baina kirol saioei, mezei eta su artifizialei esker abuztuan ETB1ek izan dituen ikusle datu onak —hobeak sikiera— hilabete honetan nahi nituzke nik. Eta ez dadila izan, ahal dela, Kontxako estropadengatik bakarrik. Nahi bainieke esan munduan barrena dabiltzan euskaldun horiei aintzat hartuko ditugula zer kontatua duten artean. Baita Roland Garrosen, Italiako Giroan edo Txapeldunen Ligan lehiatzen ez badira ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.