Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Maitasun aitorpena

2019ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Begi onez ikusten dugu, bai, eta joera orokorra hori izan da —gutxienez— azken bi milurtekoetan. Baina aitor dezagun: zaila da hezur-haragizko pertsona bat esfortzu handiegirik egin gabe maitatzea. Baita ia-ia derrigortu egiten zaituen lotura moral edo familiar bat duzunean ere. Zure tankerako—apur bat hobea, kasurik onenean— beste bat ondoan nahi izatea: bere aje petralekin, bere eztabaida-galtzen-ari-denean-ihes-egiteko-estrategia infantilekin, bere zurrunkekin, bere ego disimulatua eta auto-gezur nabariekin, ulertzen duzula diozunean ere ulertzen ez diozun horrekin guztiarekin...

Horregatik da puskaz aukera atseginagoa —aukeratzerik balego, behintzat— fikziozko pertsonaia batekin maitemintzea. (Ez bedi nahastu hau aktore batekin maitemintzearen aukera askoz ere traketsagoarekin). Barkatzea, ulertzea, enpatizatzea... Esperientziaren talaiatik diotsuet: fikziozko pertsonaia batekiko garatzen duzuna maitasun leiala baina askea da, beldurtzen ez duena,bestelako harreman eta zereginekin erabat bateragarria, errealitatearen zipriztin deseroso horiek gabea. Halakoa da Fiona Gallagherri zor diodana. Edo halakoa izan da, bederen, kolpetik bere familia desegituratua, lagunartea, Chicago, eta ondorioz, lotzen gintuen telesail kutuna —Shameless-en bertsio estatubatuarra—, uzteko erabakia hartu duen arte.

Ezin esan ulertzen ez zaitudanik, Fiona. Nahikoa egin duzu, pronostiko guztien kontra, hogei bat urtez zure anai-arreba guztien alde. Nahikoa sufritu duzu Frank aitaren presentzia eta ausentzia —ezin jakin, gehiago zer- bakoitza. Zuk ere merezi duzu behingoagatik inguruko guztien erantzule sentitzearen zamatik libre bizitzeko tartea. Badakit, gainera, —desoreka ekonomikoak tarteko— Emily Rossum aktoreak telesaila uztea erabaki izanak prezipitatu duela zure agurra. Gidoilariek ez dutela beste aukerarik izan. Ez dut ezer zuri aurpegiratzeko.

Zoazen tokira zoazela, onena opa dizut, Fiona. Ezin zitekeen bestela. Baina uste dut zu bezala nik ere egingo dudala etxe horretatik alde: maitasun berriagoen bila; Chicago utzi eta atzera begiratu gabe. Beste pertsonaia guztiak geratuko diren lekuan zure ausentzia bakarrik ikusiko bainuke nik. Badira kapitulu bakarra irauten duten maitasun istorioak. Bederatzi denboraldi luzez eutsi dio honek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.