Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Zergatik ez?

2019ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Tolosako Inauteriak dira, eguzkia «egun on» esaten hasia da. Edalontzi eta zaborrez jantzitako kaleak parranda betiko luzatu nahian dabilen jendez beterik daude. Kale zoko batean, neska-mutil kuadrilla bat, azken txupitoa edateko, Laidak aspaldi asmatu zuen errituala ospatzen hasia da seriotasunez. Zabalik geratzen den azken tabernako musikak eta inguruan duten jendetzaren zaratak mutu utzi ditu erritualaren hitzak. Bat-batean, eztanda ikaragarri bat entzun dute. Festa-soinua zena sekula entzun duten isiltasunik beldurgarriena bilakatu da. Atzera begiratu, eta, zabalik geratzen zen azken tabernaren lekuan, kea darion krater erraldoi bat dago.

Amesgaizto batetik esnatu ezinik dabilela sentitzen hasia den Laidari txupitoa erori zaio eskuetatik. Jendea korrika hasi da, noraezean, eta festa girotik isiltasunera igarotakoa izu oihu bilakatu da. Laida izoztuta geratu da zerutik datorren izpi batek ihesaldia hasi berri duten kuadrillako kideak mila zatitan lehertzen dituen bitartean. Zerura begiratu, eta lainoen artetik espaziontzi erraldoi bat dirudiena agertu da. Kale eta etxeak lehertzen jarraitzen duten horretan, indar berezi batek hartu du Laida. Energia eremu batek inguratu du, eta menderaezin sentitzen hasi da. Hasieran ez du ulertzen zer gertatzen den, baina, energia misteriotsuak biltzen duen heinean, guztia ulertzen du: bere txanda da. Lurretik jauzi egin, eta hegan abiatu da espaziontzirako bidean. Zerua eta espazioa nahasten diren lekura iristean, ez dago bakarrik. Beste milaka pertsona daude borrokan milaka espaziontziren aurka. Borroka luzea da, hildako ugari. Azken espaziontzia birrintzean, ehunka gizakietatik hamar besterik ez dira geratu. Lurreko hainbat txokotakoak dira, baina une horretan familia direla sentitu dute. Laida haien artean da.

Elkarrekin apokalipsi geldiezin bati aurre egin dioten hamar aukeratuak lurrera abiatu dira, eta, lur hartzean, lekua ezagun egiten zaio Laidari: Arantzazuko Santutegian daude. Fraile zahar bat irteten da hamar heroiei ongi etorria ematera. «Egun on, urteak dramatzat zuen zain. Hau hasi besterik ez da egin».

Kendu Tolosa, eta jarri New Orleans. Kendu Inauteriak, eta jarri Mardi Gras. Kendu Laida, eta jarri Amber. Kendu Arantzazu, eta jarri Washintongo Kapitolioa. Irensten duzue, ezta? Ba ea noiz hasten garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.