Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Aukeran ez

2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Badira egun batzuk Netflixek Black Mirror-en Gabonetako atal berezia plazaratu zuela. Charlie Brooker gidoilariaren sailaren jarraitzaileek ez ezik teknofiloenek irrikaz espero zuten atala ikusgai dago; eta horrekin batera, baita auzitan ere. Bestela ezin zitekeenez, hasi da iritzi festa.

Inoiz baino bereziagoa izango zela zioten iragarpenek: «Bandersnatch, helduentzako lehenengo ikus-entzunezko interaktiboa». Lehen aldiz, plataforma handi batek ikusleari eman dio erabakitzeko ardura; pertsonaiekin jolastekoa; dozenaka bide paraleloren artean hautatzekoa. Edo hala uste genuen, behintzat.

Funtsean, ikusleari jolasteko aukera ematen diola sinetsarazita, ikuslearekin jolasten den pieza baita Bandersnatch. Soilik modu interaktiboan konta zitekeen istorioa osatu nahi izan du Brookerrek, eta horretarako, keinuz jositako lan autoreferentziala ondu du. Bi aldiz irakurtzekoa da azalpena: «Hautatu zure abentura» gisako liburu batean oinarritutako «hautatu zure abentura» gisako bideo jokoa osatzen ari da «hautatu zure abentura» gisara mugiarazteko aukera dugun protagonista. 28 erabaki hartuta, azken amaieraraino iristen dena paradoxarekin topatuko da ordea: ez du ezer erabaki. Erabakitzea, finean, ilusio bat besterik ez da.

Zaildu egiten du horrek «gustatu zaizu?»-ri irmo erantzutea. Ikuslearekin jolasteko modu gisa —originalegia izan gabe—, dibertigarria da; eta ezohikoa den neurrian, ikus-entzunezko esperientzia iradokitzailea izan daiteke. Baina kontakizun edo istorio gisa, kaskarra da; hautatzen duzun bidea hautatzen duzula.

Susmoa dut ez dela (soilik) gidoilarien gabeziaren ondorioa; interaktibo izaerak berak badakarrela istorio bikainak kontatzea izugarri zailtzen duen oztopo bat: erabakiek esaten digute pertsonaia bakoitza nolakoa den. Horren arabera maitatu edo gorrotatzen ditugu. Haien partez guk erabakitzen dugunean, protagonistek interes guztia galtzen dute, eta kolpetik, —horra beste paradoxa bat— ez zaigu batere axola zer gertatzen zaien.

Eduki interaktiboak jarraituko du bere bidea, baina «ohiko» telesailetan protagonista gero eta konplexu eta erakargarriagoak aurki ditzakegun garaiotan, nekez ordezkatuko ditu. Istorio baten berri izateko bada, aukeran nahiago ez aukeratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.