Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Distopia baten lehen notak

2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Esan zeintzuk diren zure taberna kutunak eta esango dizut nor zaren. Hartu minutu pare bat pentsatzeko. Non sentitzen zara ia etxean baino erosoago? Zein tabernarik agurtzen zaitu zure izenez? Zeintzuk gomendatzen dizkiozu bisitan den lagunari? Non zara —edo hala iruditzen zaizu— alokairua ordaindu ahal izateko zaindu behar den kontsumitzaile hutsa baino gehixeago? Badute, bururatu zaizkizun horiek denek, ezaugarri komunik?

Nolabait zentzutu behar dira igande arratsaldeak; lagunartea halako galdera jostariekin arintzea deliberatu genuen guk. Badira modu txarragoak. Erantzuteko gai izateak poztu ninduen gainera. Batzuk itxi edo lekualdatu badituzte ere, esku bateko hatz guztiak erabiltzeko adina zenbatu nituen. Baita denek konpartitzen dituzten bi ezaugarri topatu ere: tarteka zuzeneko emanaldiak antolatzen dituzte, eta —hara!— ez dute telebistarik. Hirugarren ezaugarri ilunago bat ere bada, gutxi asko den-denak biltzen dituena: turismo uholdea zukutzen duten horiek ez bezala, hari fin batetik zintzilik daude beti; alokairua igo edo botako dituzten beldur, isun batek ekar litzakeen ondorioek larrituta. Zer esanik ez Eusko Jaurlaritzak Jendaurreko ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea Garatzeko Dekretuarekin —besteak beste— edukiera gutxiko lokalek antola ditzaketen ekitaldi kopurua mugatu dutenetik. Hilean bi asko jota; urtean hamabi. Asko edo gutxi diren ez dakit. Bai, ordea, bestela ere lan neketsua, zaletasunetik abiatua eta ia sekula ez (ekonomikoki) errentagarria den kultur programazioan dabilenarentzat enegarren oztopoa dela.

Antzeko galderen atzetik jarraitu genuen lagunarteko berriketa arina, harik eta gutako batek etorkizun distopiko baterako bidea zabaltzen duen ideia bota zuen arte. «Zergatik ez kontzertua, emanaldia edo dena-delakoa beste nonbait egin, eta streaming bidez, tabernako telebistan jarri? Azken finean, futbol edo pilota partidak, asteburuero-asteburuero eta mugarik gabe jartzen dituzte, ezta?». Barre pixka bat egin genuen okurrentziaren kontura: irudikatu poesia errezitala edo kontzertu akustikoa telebistan jarraitzen duen jende kuadrilla, pintxoa jan bitartean adi, zure gustuko tabernaren barran. Ideia horrek izututa esnatu naiz gaur. Taberna kutunetan ez bada, non egin ihes dena gerturatu eta urruntzen didan telebistari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.