Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Karibeko piratak

2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Behin baino gehiagotan egon naiz ETB2ko Qué me estás contando saioaz idazteko zorian Ekografiak honetan. Baina azkenean, harriari ostiko bat eman, eta aurrerago berriz noiz topatu zain geratu naiz beti (ostiko batzuk izan dira dagoeneko eta hatz potoloa mindua dut).

Saio horren inguruan idazteko grina, arratsaldeko ordu horretan telebistak eskaintzen dizkidan kateen artean zapping egin ondoren, behin eta berriz errepikatu zaidan sentsazio batek pizten dit. Hain zuzen ere, askotan ez dudala ezberdintasunik topatzen Cuatron edo La Sextan ikusten dudana eta ETB2k eskaintzen didanaren artean. Eta onartuko dizuet: erabat bidezkoa ez den sentsazio horrek atsekabea sentiarazten dit.

Ez da bidezkoa kontziente naizelako ez litzatekeela zuzena izango, ETB2ko saioa eta Carme Chaparrok edo Mamen Mendizabalek aurkeztutakoak zaku berean sartzea. Hala ere, zintzoak izan gaitezen: hiru saio horiek badituzte gauzak harremanean. Nabarmenena informazio eta eztabaida politikoaren «espektakularizazioa» da. Horretan, ez du laguntzen saioko gidaria Ion Aramendi izateak. Saioa bost minutuz ikustea nahikoa da politika orokorrean eta Katalunian edo Altsasun gertatzen ari dena bost axola zaiola konturatzeko. Batzuetan, badirudi barreari eusten ere ari dela. Azkenaldian, Arantza Ruiz jarri diote alboan, eta horrek seriotasun apur bat eman dio saioari. Astelehenean, Tsunami Demokratikoaren harira, Ruiz Kataluniara bidali eta Adela Gonzalez agertu zen platoan itsasontzia urperatu ez zedin.

Zertarako behar dut ETB, telezabor saioetatik harago, informazio edo eztabaida politiko saioetan ere Ferrerasen eskuliburuarekin lanean ari badira? Agenda Espainiako komunikabideek markatzen badute? (eta Iparraldea? Horri beste batean helduko diot). Edo ETB piztuta izan eta ikuspegi ezberdin bat duela ikusten ez badut? Errepikatu nahiko nuke jakin badakidala kritika ez dela guztiz bidezkoa, jakin badakidalako saio horren atzean dagoen lana eta eztabaidetan «beste» iritzi bat egon dadin konpromisoa duen hainbat langile dagoela jo eta su lanean. Hala ere, horrek ez du askorako balio saioa Ana Rosa Quintanak egingo lukeen moduan gidatzen badugu, edo gaiak aztertu eta landu beharrean, Karibeko Piraten musikaz gainetik igarotzen bagara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.