Ismael Manterola
BEGIZ

Zazpi gizon maketa bati begira

2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Abenduaren 17ko BERRIAk Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko aukeratutako proiektuaren inguruko azalpenak argitaratu zituen. Aurreko hilabeteetan antolatutako lehiaketan Norman Fosterren proiektuak irabazi zuela eta, xehetasunak emateko ordua iritsi zitzaion Erresuma Batuko arkitektoari. BERRIAk argitaratutako orrian argazki adierazgarria ikusteko aukera izan genuen: zazpi gizon maketa bati begira.

Beste argazki bat besterik ez zen izango, baldin eta egunkariaren orria pasatzeko orduan ez balego Haizea Barcenillak sinatutako Begirada maskulinoa izeneko artikulua Begiz izeneko atalean. Haizearen artikuluak beste gai bati buruz hitz egiten bazuen ere, ezin izan nuen aurreko orriko argazkiaren eta artikuluaren izenburuaren arteko lotura ia nahigabea egin gabe geratu.

Hain zuzen, egunkariko kultura orriko argazkiak ohiko begirada maskulinoari buruz hitz egiten zigun gizarteari, kulturari, arkitekturari eta, orokorrean, arteari dagokienez, Bilboko Arte Ederren Museo berritua izango den maketari begira zeuden zazpi gizonetik bost behintzat boterearen adierazpenazirelako: Bilboko alkatea, Bizkaiko ahaldun nagusia, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, irabazi duen proiektuaren arkitektoa eta museoko zuzendaria. Horiek guztiak izan dira eta izango dira hiriaren azpiegitura kulturalaren erabakiak hartu eta hartuko dituztenak. Guztiak, gizonak.

Hona iritsita, galdera bat egitea ezinbestekoa da: zilegi al da gaur egungo gure gizartean emakumearen begiradarik gabeko proiektu kultural bat aurrera eramatea? Ez al da baztertzailea emakumearen iritzirik gabeko erabakirik hartzea? Beste modu batera begiratuta: ez al litzateke aberasgarriagoa, edo, gaur egun asko erabiltzen den eta politikoki zuzena den hitza aipatuta, ez al da inklusiboagoa emakumearen begirada kontuan hartuko lukeen kultur proiektua?

«Zer da emakumearen begirada?», galdetuko du norbaitek. «Ez al dugu begirada berbera emakumeok eta gizasemeok?» Hain zuzen, horixe da aspalditik feminismoak aldarrikatzen duena: historian zehar garrantzia izan duen gizonen ikuspuntu hori alde batera laga beharra, eta emakumeen esparrukotzat hartu izan diren irizpideen bitartez gizarte berdintsuago bat eraikitzea.

Nik uste dut arkitekturaren eta museoen munduak zeharkako begiradak ere behar dituela. Oso ohituta gaude arkitekto handiak gizon izenak izatera, nahiz eta Bilboko Arte Ederren Museorako aurkeztutako proiektuen artean emakume askoren egitasmoak egon. Hala ere, irabazlea gizona izan da. Monumentaltasuna, arkitektura ikuskizun bihurtzea, aztarna lagatzea —txakurren txiza bezala—, hiriaren antolaketa zehatz baten alde egitea, lana zaintza edo beste gauza batzuen gainetik jartzea, espazioa modu indibidual batean disfrutatzea era kolektiboagoan egin beharrean, jenio sortzailearen ideia zabaltzea... horiek guztiak izan dira orain arte garrantzia izan duten ezaugarriak. Ez al da beste balio batzuekin ordezkatzeko ordua?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.