begona del teso
IRITZIA

Katedralean, zinema

2019ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Bukatu berri da NIFF Navarra International Film Festival delakoaren lehen edizioa. Iruñean. Lekarozen duela gutxi irekitako Meliton ekoiztetxeak bultzaturik. Asghar Farhadi Irango zinemagilearen ikasleen lanei aterpe eta pantaila emateko asmotan. Bukatu berri da, eta denetan harrigarriena NIFFeko egoitzak izan dira.

1.000 zinema minutu izan dira ikusgai, entzungai, dastagarri, eztabaidagarri. 60.000 zeluloide segundo. Askotan digitalean filmaturikoak, digitalean aurkezturik, bideo bilakaturiko segundoak. Sariak izan dira. Ohorezkoaere bai. Omenezko Urrezko Meliton ikurra Txema Blasco aktore gasteiztarrak jaso zuen. Iruñean. Medemekin, Paul Urkijorekin, Montxo Armendarizekin lan egina da Txema.

Sariak izan dira, bai, Iruñean. Ohorezko aipamenak, zilarrezko oroigarriak, urrezkoak... sariak. Beren barrenetan sos batzuk zituzten sariek, dirurik gabe ezinezkoa baita filmatzeari eustea.

Gaztea oso da irabazle guztien artean ikur distiratsuena eta diru kopuru handiena jaso duen hori. Gaztea oso, eta nafarra: Maria Monreal Otano. Kazetaria. Badu, NIFFen izan diren beste autore, epaile eta ikusle guztien antzera, libertatearekiko engaiamendu benetakoa. Con los ojos abiertos du izena dokumental bereak. Filma Kazetaritza ikasketetako azken lana da. Azken lan sariduna, existitzen den emakume libre gazte baten potreta. Alba Mariscal du izena, eta, bere kasa, andre eta jabe bizi da izan beti eta edonon Nafarroan, arau eta kate ia guztiak hautsirik. Bere xalotasun oparoan, Monreal Otanoren lanak Agnes Varda ezinbestekoaren Sans toit ni Loi ezin ahaztuzkoa dakarkizu burura, begietara, sentimenduetara.

1.000 zeluloide minutu. Egun hausnarketarako, probokaziorako, borrokarako eta moda sozialetan erortzeko hainbeste bide, parada eta beta ematen duten gaiak ardatz zuten 60.000 segundo. Planeta zuten hizpide; migrazioak zituzten mami; baita feminismoa ere. Eta LGTBI mugimendua; desgaitasunak, adinekoak... Egia esan, beharbada, hain ziren gazteak, eskarmentu gabekoak eta hasi berriak egileetako asko, ezen inozo xamar jokatzen zuten kameraz eta gidoiaz. Oraindik ere munduak, bizitzak, ideologiek ez dituzte gaiztotu. Oraindik zintzo jarduten dute. Itxaropentsu, leun, bigun. Baina zer nahi / espero duten badakite. Eta zinema darabilte arma, tresna, mailu, ispilu.

1.000 minutu. Batzuek aspalditik ezagutzen dugun zeluloide onaz bete ziren. Hala nola, Iratxe Fresnedaren Irrintziaren oihartzunak proiektatu zen egunean. Emanaldia eta gero izandako solasaldiaren hamaika segundo aberatsak suertatu ziren. Hala nola Laura Galanen aspaldiko Cerdita plazaratu zen arratsean. Mila zinemalditan saritua, beldurrezko film baten antza du labur horrek. Aztoraturik sumatu / susmatzen du bere burua ikusleak, zeren eta egileak serial killer baten alde egotera bultzatzen baitu.

60.000 segundo. Batzuk zinema ezagunaz bete ziren. Esaterako, hain eder eta malurus filmatua den Jose Herreraren Cazatalentos pantailan agertu zen arratsean. Kasik pantailaratu orduko ohorezko aipamena eskuratu zuen.

1.000 minutu zeluloidez gainezka. Hiru egunetan. Iruñean. Egia erran behar badugu, Farhadik ekainean emandako ikastaroan parte hartu zutenen lanak erakutsi ahal izateko eta navarrorum erresuman egiten den zinemaren osasunaren berri emateko planteatu zuten sortzaileek jaialdia. Bueno, navarrorum zinema sasoian da, eta Darbareye Elly eta Todos lo saben lanen autorearekin kamera erabiltzen ibili diren horiek ederki asko ikasi dute ikasi beharrekoa. Proba gisa, Martin Barandallaren La interprete broma sotila.

60.000 zeluloide segundo. Iruñean biziki maite dugun zenbaiten konplizitatean. Nortzuk ibili dira lagun? Esaterako, Katakrak liburu denda/argitaletxe/jatetxe/taberna/ateneo librea; edo Erresuma Zahar honen hiriburua udaro dantzan eta kantuan jartzen duen Flamenco On Fire jaialdia.

1.000 minutu digitalean. Oroitzapenik zoragarriena? Egoitzak! Kondestablearen Jauregi zaharberritua, San Agustin kale berezi, bizi eta amore ematen ez dakien horretan den Nafarroako Antzerki Eskola menderaezina. Eta, eta... Iruñeko katedrala bera! Kanpai jolearen etxe ondoan izan ziren, memento askotan, ikusgai biharko zinemaren egile lehentxa horien estreinako zeluloidezko pausoak. Eliza Nagusian, bai. Navarreriaren bihotzaren taupaden artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.