Maialen Alfaro.
HAMAR URTE LABOA GABE

Transmisio hautsa

2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Philippe Alborrek galdatu zidalarik Mikel Laboari buruzko ikusgarri bat berarekin egin nahi nuenetz, baiezkoa eman nion dudarik gabe. Orduan ez nekien zein bide aberats egitera ekarriko gintuen proiektu honek.

Philippe Albor musikaria da. Eskola eta ikastoletan haurrekin kantua lantzeko ohitura du. Duela kasik bi urte erran zidan: «2018ko abenduaren 1ean hamar urte Mikel Laboa zendu dela, eta konturatzen naiz haurrek ez dakitela nor den. Batzuek badakite Txoria txori, baina kasik jakin gabe nork kantatzen duen». Gure abentura hastera zihoan.

Hasieran, bakoitza gure proiektuetan ginela, utzi diogu denborari bide egiten, denbora hartuz asmo honi hasiera nola eman nahi genion argitzeko. Hasi ginen falta genituen liburu eta diskoak biltzen, entzuten; konzientzian hartuz asko eta asko kantu ezagunak zirela eta zaila egingo zitzaigula hautu baten egitea. Ondotik hasi ginen jendearengana joaten gure asmoaren berri emaiteko, eta, gehienbat, artista ezagutu zutenen bidez gehiago jakiteko asmoz. Horra bidean ikusi edota deitu genituenak: Daniel Landart, Patxika Erramuzpe, Gexan Alfaro, Pantxoa Etxegoien, Itziar Zubizarreta… Ber mementoan, hasi ginen kantu batzuk lantzen.

Andoni Iturriozekin biltzea gako bat izan zela erran behar dugu. Hari gure proiektua azaltzerakoan, oso argiki nabarmendu zen transmisioaren gaia. Horra gure proiektuaren ildoa, bidean ibiliz bezala argitzen ari… Jose Luis Zumetaren taulak erabili nahi genituen eszenatokian, eta Andonik eraman gintuen Usurbilera berarekin. Han, Usoa Zumeta eta Zumeta bera ikusteko ohorea ukan genuen, haren taulen erabiltzeko baimena zuzenean eskatuz. Eta, bidenabar, Usoak tailerrak bisitarazi zizkigun. Memento hunkigarria, aberatsa… Usoak eman zigun Marisol Bastidaren telefonoa eta deituko genuela abisatu zuen.

Memento berezia zinez, Marisol Bastidaren etxean pasatu genuena. Lehenik, bazen lotura berezi bat, ene gurasoen ezkontzetan egon zirelako Mikel Laboa eta bera, 1969an, Urepelen! Eta horra orain Mikel Laboaren inguruko proiektu bat lantzen ari ginela, transmisioaren inguruan. Biziaren sorpresa, berriz elkartze bat bezala. Segidan erran zigun: «Esker berezi bat zuei, transmisioa ez da-eta aski lantzen den gai bat». Arratsalde hartan bizi izan genuena, berezia, hunkigarria izan zen. Pribilegiatu batzuk izan gineneko sendimendu bat utzi zigun. Ikusgarria argitu ahala ohartu gira memento hartatik ainitz ispiratu garela ikusgarria prestatzeko.

Mikel Laboak utzi digu ondare kultural handi bat. Begi bistan duguna: kantu, diskografia, ikuskizun… Baina gibelean bada besterik. Sorkuntza bide horrek gogoeta arlo asko ireki dizkigu. Hemen ezingo ditut denak aipatu, baina hona bakar batzuk:

Transmisioa. Mikel Laboak berak ez ote zuen indar bat horretan hartu, kantu zaharrak, garaian guti kantatu ohi zirenak, bilduz eta moldatuz? Ez ote da haren indarra izan denboraldiak uztartzea? Naturalki sentitzen zuenari segituz; kantu zaharrak berpiztuz; mementoko olerkiak musikatuz; interpretatuz; eta Lekeitio kantu esperimentalekin geroari atea zabalduz? Hiru denboraldiak bat eginik. Bernardo Atxagak Mikel Laboari buruz egin Viking olerkian dioen bezala, «Viking bat izarrei begiratzen ziena kantatzen hasi aurretik». Haren kantu asko entzutean, kantatzean, sortzen den zirrara sentituz.

Ausardia. Kantuez gain, Atxagak zioen bezala, beste mezu bat pasarazteko belaunaldi berriari. Garena izaten ausartzea ez da beti erraza izaten, eta bidea ez da beti leun-leuna; besteen begirada, jujamendua, mugatzen duten sinesmen eta usteak gainditzea eskatzen du askotan. Libre eta aske izateak galdatzen duen ausardiaz ari naiz. Belaunaldi berriari haien izatearen adierazpenean sisnesteko mezua garrantzi handikoa iduritzen zait gaur egun: konexio gehienak kanpora begira diren garai honetan, konexioa barnera begira jartzeko eta lehen oztopoetan besoak erortzera ez uzteko.

Osotasuna. Laboak oso ongi lortu zuen bere parte desberdinak adierazten eta elkartzen. Gonbidapen baten gisa hartzen dut, bakoitzak gure izatearen adierazpenean parte desberdinak elkartzeko. Osotasun batera heltzeko, oreka batera heltzeko, adierazpen desberdin guztiak inportanteak baitira.

Hala sortu zaigu, bada, Izarren hautsa ikusgarria. Ikastetxeetan trasmisio lana egiteko eta publiko zabalarengana heltzeko asmoarekin. Ikastoletan, Mikel Laboaren obra eta historia ezagutarazteko, belaunaldien arteko lotura eginez eta artistarentzat hain garrantzitsua zen euskara etxeetan sartzen lagunduz; publiko zabalaren aurrean, Laboak utzi digun energia berezia sentituz, garai bereziari ateak berriz zabalduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.