Ismael Manterola
BEGIZ

Kulturaren independentzia

2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Lan zaila egitea tokatu zaio orain arte Tabakalerako zuzendaria izan den Ane Rodriguezi. Proiektuak jatorrian zuen handinahikeriak bere tokian jarri eta lan ildoak zehaztearekin batera, estrategia politiko aldakorrean bizirik iraun behar izan du, 2016ko zurrunbiloak ez irenstearekin batera.

Lan zail horrek ez dirudi saria izan duenik. Erakusleiho izatearekin gustura bizi den hiriak ez du beti onartu Ane Rodriguezen proposamena eta estiloa. Azken hau, agian xumeegia eta isilegia, mota honetako arte zentroek izaten duten ikusgarritasunetik kanpo. Diskrezioa gai politiko zehatz batzuetan bakarrik onartzen duten politikariek nahiago izaten dute ogia eta ikuskizuna kultur ekimenetan. Kulturaren etekinak, politikarenak bezala, masa komunikabideetan betetzen duten tokiaren arabera neurtzen dira gaur egun. Komunikazio atalak (propaganda atala irakurri), programazioarenak edo komisariotzarenak baino garrantzi handiagoa du arte museo eta zentroetan.

Erakundeek beren burua saltzen pasatzen dituzte legegintzaldiak: Euskadi auzolana-ren ondoren, Orain Gipuzkoa entzun dezakegu etengabe irratiko iragarkietan. Lehendakari edo sailburuen argazkien ondoan, foru aldundietako buruen edo kultura diputatuen argazkiek betetzen dituzte gure egunkarietako edo Interneteko orriak. Beraien buruaren propaganda egin gabe ariko liratekeen erakundeekin amets egiten dut, jakinda diru horrekin zenbat ekimen antola daitezkeen.

Tabakalerak ez omen ditu bete aurreikusitako asmoak. Gipuzkoan gehien irakurtzen den egunkariak behin eta berriz gogorarazi eta azpimarratu digun bezala, Tabakalerako programazioa ulertzeko zaila omen da eta arte zaleen gogoa besterik ez omen du bete, eta jendeak artea gogoko du, baina mota bateko artea bakarrik, ikusgarria, egunkarietan iragartzen dena eta ilarak eragiten dituena. Hausnarketara bultzatzen duen arteak, esperimentatzeko guneak zabaltzen dituen arteak, gaur egungoak era erradikal batean eta barrura begira egindako lanak (artisten erresidentziak, adibidez), ez du errentagarritasun politikorik.

Gehiegizko edukiontzia eraiki ondoren, betetze lana behar zen, eta badirudi Ane Rodriguezek lan hori egiten ez duela jakin. Betetze lanaren ordez, arte garaikideko edukiak ematen saiatu da, eta, itxuraz, hori izan da bere bekatua. Egoera okerra zuzentzeko jarritako Tabakalerako zuzendaritza orokor berriak ez du Ane Rodriguezen lana babestu, eta horrek norabide nagusiaren kontra igeri egitea zaildu dio. Hurrengo zuzendariari zortea opa diot, lan zaila baita Donostian botere politiko nagusiarekin borrokatzea, ez bazara beraien gustukoa behintzat. 2016ko hartan ikusi genuen, Koldo Mitxelena Kulturunean ikusi dugu, eta Tabakaleran ikusiko genuela bagenekien.

Kultur erakundeen independentzia eskatzeak xalotasunetik asko badu ere, ez dugu etsi behar, eta Espainiako ereduari jarraitu beharrean, beste herrialde batzuetan izaten dituzten ohiturak gureganatu beharko genituzke. Dena kontrolpean izatearen obsesioari utzi eta gestio kultural independentearen aldeko apustua egin dezagun behingoz. Egunkarietako komodina erabili gabe, mesedez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.