Haizea Barcenilla
BEGIZ

Artistak

2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Koreografoa naiz, baina zuek ere bai nahi baduzue», esan zuen Pantxika Telleriak. Eta arrazoia zuen. Herritar katalanek koreografiarako euren ahalmena erakutsi digute azken egunotan. Lehenengo, dantzari izan dira. Euren banakako gorputzak abian jarri dituzte, mugimendu horrek kalean izango duen presentziaren bidez ematen dien indarrari erreparatuta. Eta dantzari bilakatu ostean, koreografo izan dira. Gorputzen arteko mugimenduen uztartzea antolatu dute, batzuenek besteenak osatu dituzte, edo kontrapuntua eman; eta milaka gorputzez osatutako gorputz bakarra mugitu dute, astindu dute, espazioak zeharkatuz eta horiei esanahi berria emanez. Ordutik, errepide horiek «martxak zeharkatu zituen» errepideak izango dira; koreografia sozialaren sinbolo.

60ko hamarkadan, emakume artista askok gorputzen irudikapena abandonatu eta gorputzen presentziaren alde egin zuten: irudi izatetik, performer izatera pasatu ziren. Gorputz batenirudiaren aurrean eta gorputzaren beraren aurrean gure erreakzioa erabat desberdina baita. Gizonek kontrolatu zituzten mendez mende emakumeen irudiak; hortaz, emakume horiek gorputzak bereganatu eta bestearen begiradaren aurrean jarri zituzten, jabekuntza aldarri batean.

Esther Ferrerrek, kasurako, gorputzaren presentziari aurrez aurre begiratzera behartu zituen asko, ikuslearena beharrean artistarena zela adierazteko. Argi uzteko gorputz hori espazioan, eta ondorioz gizartean, existitzen zela; eta bera, gu, garela presentzia horren jaun eta jabe bakarrak. Herritar katalanek egin dutena performance kolektiboa izan da, gorputzaren presentziaren bitartez gorputz kolektiboaz jabetzea, espazioan izaki fisiko, kritiko eta politiko gisa agertu direlako.

Tamalez, bada presentzia horren kontra altxatzen denik ere: Joan Brossaren Intermedi lanean, aulki huts hiru daude atril eta partitura batzuen aurrean, musikariek utzita. Aulkien kontra geldo eta mutu dauden instrumentuak metrailetak dira. Musikariek museoa utzi ei dute (Artiumen baitago lana) Kataluniako performanceari euren doinua gehitzeko, azken egunotan bala soinuak bakarrik falta baitzaizkie Poliziaren sinfoniei lurralde horietan.

Eta Esther Ferrerri bere lehenengo performanceetan puta deitzen zioten horiek datozkit gogora, bere emakume gorputza espazioan presente egotea onartzen ez zuten horiek guztiak, euren bala hotsak erabiltzen, garaiko partiturei jarraikiz, gaurko musikari ilunek aurrez finkatutako partiturei jarraitzen dieten modu berean. Zorionez, sinfonia ilun horiek ez zuten lortu Ferrerrek performancea uztea. Eta nago egungo beste doinuek ez dutela ekidingo katalan herritarrek performatzen jarraitzea. Handiegia da arteari dioten maitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.