Haizea Barcenilla
BEGIZ

Beti gazte

2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Jakina da emakumeak nekez izaten garela besteen begietara pertsona helduak. Francoren garaietan, aitaren menpe egotetik senarraren eskuetara pasatzen ginen, egun batetik bestera egoera zibila aldatuz, baina ez mendekotasuna. Gaur egun, gazte izatetik atso izatera pasatzen gara, adinez mudatuz baina patriarkatuaren epaile begiradari ihes egin gabe. Adin aldaketa antinaturala da, biologikoki tarte handia baitago gaztetasunaren eta zahartzaroaren artean; baina emakumeon adina, biologikoa soilik beharrean, sinbolikoa ere bada.

Aipatu izan dut zein desberdin baloratzen den gaztetasuna gizon eta andrazkoetan. Gizonen kasuan, bikaintasunarekin eta jenialtasunarekin lotzen da, eta adin oso gazteari lotzen zaio; hogeita hamabostean jarriko nuke muga. Emakumeoi, ordea, asko luzatzen zaizkigu gaztetasuna eta horri lotutako ezaugarriak: esperientzia faltaren ordezko freskotasuna eta jakintzarik eza orekatuko duen lanerako gogoa. Adinaren heldutasuna onartzeak, finean, pentsamenduaren heldutasuna ere badakar, eta emakumeoi hori atxikitzea zaila dirudi: froga enpiriko garrantzitsua behar da halako estatusa eman ahal izateko (sari nazionalen bat gutxienez). Adin aurreratu batetik gora hasten zaizkigu heldutasuna eta jakintza onartzen, biologikoki gaztetzat jotzea irrigarri suertatzen hasten denean. Orduan pasatzen gara atsoak izatera (edo publikoki esperientzia eta ibilbide handiko emakumeak).

Horren guztiaren adibide, igandean, harriduraz irakurri nuen BERRIAn Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariari egindako elkarrizketaren sarrera. Honela zioen: «Belaunaldi berriko olatuaren adibideetako bat da Beatriz Herraez (Gasteiz, 1974). Ezagutza eta trebetasun handiko gazteak dira [...] Aldeko dituzte ilusioa, gogoa eta energia, beste ezeren gainetik».

Okertzearen beldur, hemeroteka kontsultatu dut, baina ez dut Peio Agirre (1972) Veneziako Bienaleko komisario izendatzearen berrian «belaunaldi berri» edo «gaztetasunari» buruzko aipamenik topatu; ezta Xabier Gantzaraini (1975) 2015ean Kalostrako koordinatzaile lana hartu zueneko elkarrizketan (Herraezek orain baino bost urte gutxiago zituen orduan) bere ilusioari, gogoari eta energiari eginiko aipamenik ikusi. Egia da belaunaldiari ezagutza atxikitzen diola kazetariak, baina ilusioa, gogoa eta energia gailentzen dizkio gero.

Herraezen curriculum luze eta bikaina zerrendatzear egon naiz, baina ez da hori bidea: horren bidez, bere ahalmenaren gainean ezartzen den zalantza onartu eta erantzungo nuke. Bakarrik esango dut Herraez 45 urteko emakume heldua dela, zentzu guztietan. Ez da gaztetasunaren eta gogoaren erakuslea; jakintzan, ikerketan eta lan gogorrean oinarritutako esperientzia sendo eta sakonaren erakuslea da. Aitortu diezaiogun, merezi du eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.