Ismael Manterola
BEGIZ

Zorionak, Gipuzkoa

2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Koldo Mitxelena kulturuneak badu arkitektura proiektua. Aldundiko agintariek udara bukaeran aurkeztu zuten komunikabideen aurrean Gipuzkoako hiriburuko kultur zentroak izango duen itxura berria. Guztiok izan genuen sarrera nagusiak, beste sarrerak eta igogailuak izango duten itxura ikusteko aukera infografia dotoreen bidez. Badirudi harrera mahaiak, sofak eta espaziontzi moduko igogailuak izango direla KMko gune nagusiak, inork ez baititu ikusi liburutegiak eta erakusketa aretoak izango duten itxura. Nori inporta zaio? Liburutegia izango al da? Non dago edukien proiektua? Ezin dut aipatu gabe utzi argazki batek eman zidan negargura: orain arte erakusketa aretoa izan dena landarez eta sofaz betetako pasaleku bihurtuta.

Bestalde, aipatutako aurkezpenean jakin genuen KMK berritzeko aurreikusitako sei milioi euroak ez direla nahikoa izango proiektua aurrera eramateko, eta bederatzi edo hamar milioi beharko direla irabazi duen arkitektura proiektua gauzatu nahi bada. Ez dute agintari politikoek esaten, arkitektoek esaten dute —teknikoek, alegia; beraz, kasu egin beharko zaie—. Gainkostua gehituta, hamabi milioi izango dira azkenean KMK berritzeko Gipuzkoako kulturatik erabiliko dituztenak. Gipuzkoako kulturak ez du premiazko beste beharrik; bederatzi-hamar milioi inguru eraikuntza enpresa bati bideratzea da Gipuzkoako kulturak behar duena.

Azken hamabost urteetako kultur politikei begiratuta, «nahikoa da» esateko ordua iritsi dela iruditzen zait. Guggenheim museoak urteetarako hipotekatu zituen EAEko kultura aurrekontuak; Tabakalerak, Donostiako Udalekoak eta Gipuzkoakoak; eta orain, beste milioi pila joango zaigu politikarien lagunen eraikuntza enpresen eskuetara berria den azpiegitura berritzeko. Zorionak, Olano-Itxaso tandema; oso ondo ari zarete. Batzuk gustura egongo dira zuen azpiegitura lanekin —une honetan inoiz baino erraldoiagoak Gipuzkoan—. Gainera, ez duzue beldurrik izan behar: ez dut uste kultura mundutik etorritako kritikek eraginik izango dutenik datorren urteko hauteskundetan. Gipuzkoarrak zuei emango dizue botoa berriz ere, menditik mendira bukaera gabeko korrika egitera edo Donostiatik Behobiara korrika egitera joateko furgoneta erosteko lain baldin badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.