Ismael Manterola
BEGIZ

Demagogia paternalista

2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Macronen beste efektu kolpea. Frantziako presidentearen arabera, Parisko Quai Branly museoan gordetzen diren 46.000 artelan gutxi gorabehera jatorrizko tokietara bueltatu behar dira. Saharaz hegoaldeko Afrikako lanak omen dira bueltan bidali behar dituztenak, beste guztiak ahaztuta.

Ez da erraza Macronen populismoaren eta demagogiaren asmoa sumatzea. Ez dakigu zer lortu nahi duen komunikabideen aurrean bota duen elkarrizketarekin. Aljerian egindako deklarazioak aurrerapentzat hartu genituen, eta Frantziak egindako sarraski kolonialen onarpenaren hasiera izango zela uste genuen. Baina, egunak eta hilabeteak pasatu ondoren, ez dago itxaropenerako tarte handirik. Ez dut uste Frantziak jarrera kolonialak alde batera uzteko asmorik duenik, nahiz eta artelanak bueltatuko dituela esan. Gainera, esatetik egitera badago tartea, eta badirudi esateko egiteko baino asmo handiagoa duela Frantziako presidenteak.

Berehala irten dira ondarearen zaintzaile eta legelariek esanez ez dela erraza Frantziatik hainbeste artelan ateratzea; Quai Branly museoko zuzendariak ere Macronen hitzei ñabardurak gehitu dizkie, zuzenean gaitzetsi ez baditu behintzat.

Arazo horiei, beste bat gehitu behar genieke. Nori itzuli behar dizkiote 200 urteko lapurretan pilatutako objektuak? Gaur egungo Afrikako egitura metropolien logikari lotuta dago, eta horregatik, estatu askoren mugak garai bateko tribuen gainetik eratu zituzten erregela eta kartaboia maparen gainean jarrita. Beraz, Afrikako gaur eguneko estatuak al dira hainbat eta hainbat gizatalderi lapurtutako objektuen jabe? Ez dakit benetako jabeei galdetu dieten artelanen buelta nola egin behar den eta non nahi duten biltzea. Afrika desegituratu eta sakeatu ondoren, ez da erraza onaren plantak egitea eta lapurtutako altzariak bueltatzeko asmoa agertzea, herrialdeak xurgatzen jarraitzen dugun bitartean. Benetan gustatuko litzaiguke Frantziak koloniak izandako lurraldeak esplotatzeari uztea eta bidezko merkataritzan murgiltzea, baina ez dut uste Macronen babesle ekonomikoek horrelako urratsak emateko baimenik emango diotenik. Horren ordez, deklarazio publikoen makillajea eskaintzen die Saharaz hegoaldeko Afrikako gobernu txotxongiloei.

Gustura hartuko dituzte Frantziaren edo Frantziaren botere ekonomikoen menpe dauden gobernuek Macronen erregaluak, berehala azalduko dira museoak eraikitzeko proiektuak, Parisko arkitektoen proiektuen arabera eta Frantziatik eramandako zementuarekin. Baina guretzat artelan diren objektu horien jabeek museoan sartuta nahi al dituzte? Ba al dute oraindik beraientzat esanahi erritualik edo erabilgarririk? Zaldi Eroaren gizon zuriaren tokia betetzen duen Aita Macronek erabakiko du hori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.