Ismael Manterola
BEGIZ

Artista obsesiboa

2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Lagun batek esan zidan Bilboko Guggenheim museoan dagoen Giacometti eskultoreari buruzko erakusketa oso errepikakorra dela. Itxuraz, erakusketan ikusi zituen Alberto Giacomettiren lan gehienak antzekoak iruditu zitzaizkion, eta horrek ez zuen nire lagunaren eskakizun maila bete.

Egia da Giacomettik, gutxi gorabehera 1940. urtetik 1966an hil zen arte, antzeko gaien gaineko ikerketan sakondu zuela. Horrek antzeko emaitzak ekarri zizkion, eta, horregatik, ikusleak berdintsu ikusten ditu Giacomettiren artelanak. Hala ere, esan behar da erakusketak artistaren ibilbidearen ikuspegi osoa ematen duela, batez ere hasierako aretoetan ikus ditzakegun lanei esker. Kubismoaren eta surrealismoaren eraginek lan pertsonala garatzeko aukera eskaini zioten 20ko eta 30eko hamarkadetan; mugimendu haiekin harremanetan, baina ikerketa ildo bereziak abiatuta. Erakusketan ikusiko dugun modura, giza irudiaren gaineko interesa hasiera-hasieratik sumatu zuen eskultoreak, mendebaldeko tradizio klasikotik ikasitakoa, mendebaldekoak ez ziren beste kulturetatik hartutakoarekin desikasteko.

Hain zuzen, giza irudia izan zen Bigarren Mundu Gerrara zihoazen urteetan behin eta berriz azaldu zitzaion mamua, eta, gerra bukatu ondoren, ia bere lanaren interes bakarra bihurtu zen, existentzialismoaren korronte filosofikoekin bat eginda. Ordutik aurrera, mehetutako eta luzatutako giza irudiaren eskulturak sortu zituen, gai bakarren adiera ezberdin moduan ikus ditzakegunak. Gai bera, baina ñabardura ezberdinekin. Denak antzekoak eta denak desberdinak, gizakia bera den bezala.

Horregatik, berrikuntzara ohituta eduki gaituen arte garaikidean zaila da Giacomettiren proiektuak txertatzea. Jende arruntak baino gehiago, arte ikerlariak ere etengabeko aldaketan ari den lana eskatzen dio artista garaikideari; beste aukerak errepikakorrak, monotonoak edo aspergarriak iruditzen zaizkio. Alabaina, artearen lana ñabarduretan arreta jartzea ere bada. Aldaketa txikiak bakar egiten du artelana, eta horrek espazioan sartutako forma edo pintatutako gainazala esperimentazio esparru bihurtzen du. Eskala bera, Giacomettik askotan esan eta egin zuen bezala, oinarrizko gai bihurtzen du artistak, batez ere eskultorearen lana horrekin lotuta dagoelako. Giza irudiaren gaitasun monumentalari buruzko galderak egin zizkion eskultoreak behin eta berriz bere buruari. Giza irudiaren presentzia totemikoak espazioa erakartzeko, eraldatzeko eta okupatzeko duen ahalmena ere interesatu zitzaion, kontuan izan gabe merkatuak etengabeko berrikuntza eskatzen zuela.

Garai horretako artista askok jarraitu zuten ibilbidea da Giacomettik aukeratu zuena; ondo ulertuko dugu Txillidaren ibilbideari erreparatzen badiogu. Obsesio pertsonalaren antzeko zerbait bihurtu zuela? Bai, baina ez al dago obsesiotik zerbait artistek bere lanarekin duten harremanean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.