Haizea Barcenilla
BEGIZ

Ordezkapenak

2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Berriz ere iritsi da Arco Madrilera, eta berriz ere ari dira arteaz tutik ez dakitelako azalpen mamitsuen faltan diren kazetariak, lan probokatzaile bila, erraza baita arte garaikideak ezartzen dituen erronkak norberaren ezagutzaren hutsuneak estaltzeko baliatzea. Jakina Arcon arte txarra badagoela, baina zinez erraza da arreta merezi duen lanik topatzea bertan.

Azken urteotan Santiago Sierrak libratu ditu kazetari gaixoak barregarri geratzetik; ez artearen mundua, ordea. Batzuek diote Sierrak gai etikoak zalantzan jartzen dituela artearen bidez. Beste gizaki batzuen ezbeharrak aberasteko erabiltzen dituela uste dut nik, etikaren inguruko eztabaida baliatuz bere etika falta ezkutatzeko.

Gaurko zutabea, hortaz, gabezien ordezko bila dabiltzanei dedikatua dago, eta halako kasu nabari bat izan da orain gutxi Iruñean: Elba Martinezek iragarkia jarri du egunkari batean, ekainean egiteko duen erakusketarako nanoak, elbarri psikikoak edota bizitza zoroko jendea, alegia, zirkukoa, prostitutak edota drogazaleak eskatuz. Martinezen lan baten ondoan egon beharko dute hilabete eta erdiz, goiz eta arratsaldez, ikusleei galdera erraz bat egiteko. Espeziekin ordainduko zaie, artistak dirurik ez duelako.

Bi artistek desberdintasunekin, edo pobreziarekin, edo bidegabekeriarekin aurrez aurre jarri nahi gaituztela esan arren, gezurra da: besteen egoera horiek baliatzen dituzte euren probetxurako. Ez dago elkarrizketarik ezaugarri horiek dituzten pertsonekin, ez haien ahotsen adierazpen posiblerik: txotxongiloen moduan erabiltzen dituzte. Ikusgarritasuna lapurtzen diete, izan dezaketen diskurtso propioa ezgaituz, objektuak balira bezala erakutsi ondoren; babesgabe uzten dituzte, sufritu duten esposizioak inolako onurarik ekarri ez diela jakitun, gainera.

Etsigarria da Martinezen eta Sierraren lanetan antzematen den patroia: beste batzuen ezbehar edota identitate ez-normatiboek eragiten duten probokazioaz ordezkatzen dute euren lanek ez duten balio estetiko zein kontzeptuala. Halako jarrerek estaltzen duten bakarra oinarrizko gabezia bat da: norberak lan esanguratsua egiteko ahalmen falta.

Okerrena da trikimailua bikain datorkiola kazetaritza txarrari, bere hutsune propioak estaltzeko: artista gazteen lan onen berriak topatzea zaila den bitartean, Elba Martinezen iragarkiak orriak eta orriak bete ditu, artea bera zalantzan jartzen. Berri ororen azpitik lelo berdina susmatzen da: arte garaikidea iruzurra da, ez gaituzte engainatuko.

Beraz, Sierraren eta Martinezen lankideek, artista onek, pairatuko dute euren etika eta gaitasun falta; eta ezjakintasun kulturalaren babesle den sistema mediatiko orojaleak bultzatuko ditu halako artista kaskarrak, gogoeta sakonak egitetik libratzen dituelako bai kazetari traketsak, bai ezjakintasunean eroso sentitzen diren ikusleak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.