Ismael Manterola
BEGIZ

Ideologiarik gabeko artea

2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Fluids Navarra martxoaren 28an Nafarroako Unibertsitateko Museoan egindako performancearen izenburua da. 100 lagunen artean izotzezko 400 blokezko horma bat eraiki zuten museoaren atearen aurrean, Opuseko Unibertsitateak eskaintzen duen komisariotza ikasketen masterraren testuinguruan, Iñigo Manglano-Ovalle artistaren zuzendaritzapean. Artistaren asmoa artelanaren efimerotasuna azpimarratzea izan da, izotzezko horma pixkanaka desagertu delako orduak pasatu ahala.

Jatorrizko performancea Allan Kaprow artista estatubatuarrak egin zuen Fluids izenarekin, 1967an, eguneroko bizitzaren eta artearen arteko mugak desegiteko asmoari lotuta, 60ko hamarkadako artearen aldaketen testuinguruan. Ordutik, tarteka berregin izan da, helburu eta interes berezirik gabe. Iruñean ere hala izan dela esango nuke. Alde batetik, testuinguru oso ezberdin batean egin delako, hau da, eguneroko bizitzaren eta artearen arteko harresia indartu nahi duen erakunde baten ekimena izan delako, eta, bestetik, gaur egun arte sistema zaharkituenak ere performancea bereganatzeko ahalmena izan duelako.

Allan Kaprowk eta bere garaiko beste mugimendu askok, Fluxus tartean, artearen eta bizitzaren arteko mugak zalantzan jarri nahi izan zituzten. Espresionismo abstraktuaren eta Pop artearen nagusitasunaren aurrean, artearen alderdi dadaista eta surrealista azpimarratu nahi zuten. Performancearen bidez, «artea ez dago, gertatzen da» esaldia zabaldu zuten artea museoetatik, erakusketa areto eta galerietatik ateratzeko. Artea edozein tokitan eta edozein momentutan gertatzen zela aldarrikatzeak arazoak eragiten zituen objektuari lotuta zeuden museo tradizional eta galeria komertzialetan. Gauza bera gertatu zen land art, body art eta arte kontzeptualarekin. Mugimendu horiek guztiek helburu argia zuten: ohikoa zen artearen sistema puskatzea, egiteko, erakusteko eta ikusteko moduak iraultzearen bidez. Praktika artistiko horien bidez, artearen merkatu-gai hutsaren izaerari kritika zorrotza egin zioten, nahiz eta artearen merkatuak ondo baino hobeto asmatu duen nola saldu eta erosi, berez saldu eta erosi ezin dena. Sinadurak, jarraibide orriak edo lekukoak (argazkiak edo bideoak izan, nahiz erabilitako objektuak) erakusketa areto, museo eta galerietan sartu ditugu erlikia modernoen modura, kontuan izan gabe denbora eta testuingurua artelanaren osagai garrantzitsuak direla.

Horregatik, Fluids Navarra ikustean, horrelako performanceen errepikapenen zergatiaren inguruko galdera etortzen zaigu burura. Edukiz hustutako ekintza hutsa bihurtutako performanceak ez du ez hankarik ez bururik. Nafarroako Unibertsitateko Museoak eta Manglano-Ovalle artistak lortu al dute bizitzaren eta artearen arteko mugak haustea? Edo egunkarien izenburu sentsazionalistak betetzeko artearen beste xelebrekeria anekdotiko hutsean geratu da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.