Ismael Manterola
BEGIZ

Haziak eta loreak

2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Garazi Ansak orain bi aste orrialde honetan argitaratutako arte kritika irakurtzen ari nintzela gogoratu nituen Uriel Orlowren erakusketan izandako gogoetak. Erakusketak ikusi bai, baina berehala ahaztu egiten zaizkidala konturatu naiz azken boladan; adina izango da, edo irudi berriak sartzeko zaharrak atera beharra. Hala ere, Garaziren artikuluaren izenburuak bat-batean gogorarazi zidan Orlowren erakusketa. Geranioak izenburuak lore horrek artistarentzat hartu duen jarrera kolonialisten itxura gogorarazi zidan. Erakusketan ikus daitezkeen proiektu ezberdinetan, Mendebaldekoek lurralde batzuetan, baina batez ere Afrikan, daramatzaten politika kolonialen edo neokolonialen gaineko diskurtsoa garatu du artistak.

Geranioen eta Mandelaren espetxeko instalazioak igaro ondoren, botika industrien jarrerak eta hazien eta landareen globalizazioaren inguruko lanek piztu zuten nire kezka. Instalazioak eta bideoak ikusten nituen bitartean, tristura handiz bururatu zitzaidan zer hutsalak ziren ikusten ari nintzen ahaleginak. Tristura handiz esaten dut, konturatu nintzelako artearen ezagupenerako eta hausnarketarako bide oso ahula sumatu nuela testuinguru hartan. Zertan ari ginen? Hipermodernoa izan nahi duen Mendebaldeko hiri bateko arte zentroko areto ia huts batean, era oso txukun eta profesionalean erakutsitako erdi artxibo, erdi dokumentala den dispositiboa da (gaur egun arte munduan asko erabiltzen den hitza erabiltzeko). Aspaldiko partez, artearen ahultasunean pentsaraztera eraman ninduen. Zein indar gutxi zuten ikusten ari nintzen berreraikitako epaiketaren bideoek edo hormaren kontra eskegitako hazien edo sustraien argazki erraldoi garbiek! Liburu, artikulu, dokumental, ekintza zuzen, manifestazio edo bestelako testigantzen aldean, erakusketako material guztiak hartzen zuen itxura, esan dezagun, estetikoa, edo horien guztiaren estetizazioak diskurtsoaren indarra makilatzen zuen, edo zuzenean estaltzen zuen. Artera jolas gaitezen esaldia bururatu zitzaidan. Hala ere, irakurlea ohartarazi behar dut uste dudala erakusketa interes eta maila handikoa dela; baina nire buruan gero eta gehiago azaltzen den mamua da artearen eraginik ezarena edo garrantzirik ezarena.

Baina, zer pentsatuko dut multinazionalen hazien pribatizazioaren kontra nekazariek daramaten borroken aurrean? Azken egunotan BERRIAk berak argitaratutako artikuluetan konturatzen garenean egunero-egunero ingurumenarekin edo indigenen kausarekin engaiatuta dauden aktibistak hiltzen diren honetan? Errealitateak fikzioa era gogor eta dramatikoan gainditzen duenean, arte politikoak bere burua non kokatzen duen galdetu beharrean gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.