Ane Labaka Mayoz.
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Masterra

2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Garaiak aldatu dira eta zuen adineko gazteek jada ez duzue aski izango graduatzearekin», ohartarazi ziguten ahots jakintsuenek. «Ikasi hizkuntzak eta lortu gure Errege maiteak izenpetutako ahalik eta titulu akademiko gehien zuen bildumarako». «Lan esperientziarekin bete ezin dituzuen curriculumek gainezka egin dezatela zuen espediente distiratsuekin». «Masterrak behar dituzue, gaur egun ez zoazte inora masterrik gabe». Bigarrena bukatu nahian nabil eta egia da, lasaitzen nau nora doan ez dakien bakarra ez naizela jakiteak.

Bideo joko bat izan zitekeen. Jabeak eta maizterrak, adibidez. Gu maizterrak ginateke, norbait izatekotan, pantailaz pantaila borroka egin eta pixkanaka-pixkanaka bidean neuronak, izerdia, pazientzia, lo orduak, irudimena eta umorea galtzen ditugunak, poltsikoak proportzionalki zulatu heinean. Aurrez aipatutako Erregearekin duten harremanaren arabera, jabe izateko zortea izango dute gutxi batzuek —jaun eta jabe, normalki, andre eta jabe gutxiagok— eta aurreratu egingo gaituzte pantailaro, eskuinaldetik, beti eskubialdetik, kaio hegalariak balira bezala. Ez zaizkit kaioak gustatzen.

Amorrua ematen didalako saiatzen naiz egoera umorez hartzen. Esfortzu eta sakrifizio ekonomiko nahiz akademikoaren aro honetako belaunaldi gazteok ez dugulako ikaskidetzat Cifuentes edo Casadorik izan, sekula, ezin ditugulako imajinatu ere egin pupitre estuetan gure ondoan eserita. Badakigulako zenbaterainoko matraka eman behar den unibertsitateko bulegoetan ikasgairen baten baliozkotzea lortzeko. Badakigulako karrera erdi bat ezin dela lau hilabetetan magia eginda gainditu, akademiak berak epe batzuk ezartzen dituelako aurretiaz. Are gutxiago, klasera huts egin eta azterketetara aurkeztu gabe. Badakigulako gradu nahiz master amaierako lanak obsesiboki gordetzen direla disko gogor eta USBetan, noizbait gure ordenagailu berria bertako artxiboak errekuperatzea ezinezko izateko eran apurtuko balitz ere. Badakigulako egindako segurtasun kopia bakoitzagatik nota igoko baligukete ohorezko matrikulez josita geundekeela.

Nik ere badakit honetaz zerbait, beste askok bezalaxe. Urte erdia igaro dut ia arratsaldero Leioara joan-etorriak eginez, buruz dakit A-8aren bihurgune bakoitza, begiak itxita gidatzen asmatzeko moduan. Lagunekin kotxea konpartitu arren pisutsu egin zaizkigu masterreko matrikulaz gain ordaindu ditugun gasolina eta peajeak. Ikasgai bakoitzeko karaktere ugariko lan mardula entregatu behar izan dut eta lanagatik justifikatzeko modua izanda ere klase orduetara huts egin behar izan dudanetan lan gehigarriak egin behar izan ditut galdutako ordu horiek errekuperatzeko. Irailerako ehun orri inguruko master bukaerako lana eta tribunalaren aurreko aurkezpena geratzen zaizkit oraindik. Udako oporrak hipotekatu ditut eta abuztua ordenagailu aurrean igaroko dut, erreferentzia bibliografikoak behar bezala kokatzeko ahaleginetan.

Umorea daukat masterreko ikergaitzat. Ikerketaren ondorioetara iritsi aurretik bizitzarako ondorio nagusi bat ateratzen lagundu didate jada; zein zaila den gauzak umorez hartzea aurpegira barre egiten dizutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.