Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Gasteiz-Caceres-Gasteiz

2019ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun

Txikitan, orain ez bezala, familiakook ez genuen jatetxeetan biltzeko ohiturarik, aire zabalean baizik. Udaberriko zein udazkeneko epelaz baliatzen ginen Billoda herriko aldirietan arratsaldea emateko, askari erraldoiak aitzakia. Bertan, tropa osoa topa zitekeen: aitona-amonak, osaba-izeba zaharrak, haien aita-amaginarrebak eta hortik behera dauden senide mota guztiak, adiskide baten bat tarteka (eta haren gurasoak, jakina).

Azken finean, denok Caceres urruneko herri bereko diasporakoak ginen, eta baso horretan aurkitzen genuen urrutiko patio eguzkitsuetan ohikoak ziren bilkura erraldoiak errepikatzeko aukera, Gasteizko kaleek eskaintzen ez zituzten espazioa eta intimitatea.

Billoda zehazki non zegoen ere ez nekien, baina naturala iruditzen zitzaidan familiarekin batera hara joatea, paisaia Caceresko basoen irudikoa bainuen: artea, ametza, erkametza. Eta, han bezala, nire herriko hizkera zen nagusi Arabako baso horretan ere.

Ez ginen, halere, familia txangozalea. Zalantzarik gabe, eskolari zor diot haurtzaroan Euskal Herrian hori baino bazter gehiago ezagutu izana. Txango horiek txikitako oroitzapenen nebulosan bizi dira eta egun ezinezkoa zait mapan kokatzea. Haran bertikal ugari bisitatu genituen, bidezidor hezeetatik gora eta behera, etengabe. Inguruan, beste mota bateko paisaia: pagoa, pinua, garoa. Eta euskara. Esperotakoa, irakasleak gure euskal erreferentzia bakarra ziren eta, noski, hizkuntza horrek haien jardueretan presente egon behar zuen.

Umetako logika xalo horretan, paisaia bidaidearen arabera eratzen zela uste nuen. Amak artadietara eramango ninduen, ez etxetik gertuago zeudelako —garai hartan distantziei buruz fitsik ere ez nekien—, baizik eta berezko habitata hori zeukalako. Arrazoiketa borobila zen. Arrainak ibai eta aintziretan topa zitezkeen; Caceresko senideak erkametzez jositako lautadetan, eta euskaldunak, aldiz, ibarretako pinudi euritsuetan. Euskal paisaian, alegia.

Sinesmen hori subkontzientean gorde eta ahaztu egin nuen, heldutasunaren iragazkitik inoiz pasatu gabe. Ingurunea neure kabuz ezagutzen hasi nintzenean baino ez nintzen konturatu Billoda ez zela Gaztela urruneko bazter bat, baizik eta Gasteiztik zortzi kilometro eskasera dagoen herria. Era berean, egin nituen ikerketen arabera, euskaldunak askoz leku mota gehiagotan topa zitezkeen, besteak beste, —ezetz asmatu— Gasteizko kaleetan. Nire auzoan bertan.

Zorte txarragatik edo, inork ez zidan irakatsi zerk lotzen zituen bi pasaia horiek; hori neure kabuz aurkitu eta jaso behar izan dut. Ingurunea nekez eralda daiteke, baina bertako jendeak eta kulturak sarri aldatzen eta nahasten dira; bortxaz, gehienetan. Sinplekeriak, ingurunearen interpretazio bakarrak postalentzat utzi behar dizkiegu; guk hobe dugu geure iruditegi propioa aberastea. Ohitu gara giza, hizkuntza paisaia gero eta dibertsoago bat ikustera, baina oraindik ere geurea sentitzeko ahalegina burutu behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.