Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Barrez lehertu

2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun

Duela astebete AEBetan eskuin-muturreko gizonek arrazismoaren ikara-mezua odolez idatzi zuten egindako sarraskiekin. Hiltzaileetako batek 1.000 kilometroko bidaia egin omen zuen tiroketa Mexikoko mugan dagoen El Paso hirian egiteko; ez zen garrantzi gutxiko datua: tiroketa ostean poliziari adierazi zion bere asmoa «ahalik eta mexikar gehienen aurka tiro egitea» zela.

Bada, El Pasotik 500 kilometrora dagoen Tucson hiriak ere zeresana eman du azken egunotan. Bi hirien artean zenbait antzekotasun daude: Mexikoko mugatik gertu daude biak eta Tucsonen ere tiroketa politiko bat gertatu zen, 2011n. Iragan asteartean, Tucson santutegi-hiri izendatzeko lege prozeduran aurrerapauso garrantzitsua egin zuten bertako biztanleek. Santutegi-hiriak agiririk gabeko migratzaileak babesteko ekimen instituzionalak dira AEBetan. Bertako udal-gobernuek migratzaile horien deportazioak ekiditeko neurriak hartzen dituzte; adibidez, poliziei eta udal-langileei debeka diezaiekete jendeari haien lege-egoerari buruz galdetzea. Horrela, familiak sakabanatzea eragozten dute eta agiririk gabeko jendeak segurtasun handiagoarekin egin ditzake garrantzitsu diren hainbat jarduera, hala nola krimenak salatu, osasun-zerbitzu publikoa erabili edo seme-alabak eskolatu. AEBetako populazioaren erdia horrelako hirietan bizi da egun.

2015ean, Javier Marotoren kanpaina arrazistaren unerik gorenean, Miguel Angel Etxebarria PPko zinegotzi ohiak etorkinei eta diru-laguntzei buruzko hitzaldia eman zuen Gasteizen. Bertan, desinformazioa eta datu faltsuak lasai asko zabaldu ostean, publikoak irain arrazisten zaparrada ederra botatzeari ekin zion (etorkinak «animalia-aldra hutsa direla», «untxien pare ugaltzen direla»). Etxebarria jaunak ez zuen zirkinik egin horiek entzutean, arrazismo-agerraldi publiko hori naturaltasun osoz onartu zuten denek.

Tucson hirian, ordea, oso bestelako jarrera izan dute antzeko egoera batean. Santutegi-hiriaren gaiari buruzko udal-bilkura batean, Trumpen aldeko bi pertsona neurriaren aurka oihuka azaldu ziren; bildutako askok haien jarrera gaitzetsi zien espero bezala, baina gizon baten erreakzioa biralizatu egin da: barreari ezin eutsi eta algaraka hasi da arrazisten aurpegian. Ikuskizun ezin dibertigarriagotzat izan omen du haien supremazismoaren erakustaldia. Bere irri kutsakorrak munduari buelta eman dio #GreenShirtGuy traolari esker.

Autoritarismoari aurre egiteko, ez da bakarrik liderren kontura barre egin behar. Trumpekin mundu erdia saiatu da dagoeneko, ezer gutxi lortu gabe. Aldiz, lider hori legitimatzen duen herriari barre egitean, orduan bai, nazioaren salbatzailearen irudiaren oinarria erabat suntsi daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.