Nerea Ibarzabal
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Jan platerekoa

2018ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Mizkina nintzen umetan, «paramen txarrekoa» amonaren berbetan, ipurterre hutsa gurasoen arabera. Otordu bakoitza infernu bat bezala oroitzen dut 6-7 urteren buelta horretan. Aitaren aurkako bi gerra jokatzen nituen mahai inguruan: lehenengoa, berak eskatutakoa baino gutxiago jatea beti; bigarrena, telebistan marrazki bizidunak utz zitzan lortzea. Emaitza: telebistan albistegia eta ni zigortuta txakurraren txabolan.

Nire aitaren balio pedagogikoez berba egin nezakeen, baina albistegien gaia aukeratuko dut, azken egunotan zeresana eman baitute EITB-koek —berriro—, euskarazko katearen eta gaztelaniazkoaren arteko iraupena lotsagarriki ezberdina izateagatik, edo Maduroren aurkako erasoaren albisteari tarte txikiagoa eskaintzeagatik ume youtuber aberats bati baino, edo Caceres Maule baino gertuago sentiarazteagatik etengabe... Tira, zaharrak berri —albistegi bati jar dakiokeen etiketarik krudelena ez al da?—.

Heldu bilakatzeko prozesu horretan, pixkanaka platerekoa jaten hasi nintzen moduan hasi nintzen albistegia kontsumitzen; onartu ninduten berriro nagusiek mahaian eta txakurrarekin nuen harremana hoztu zen. Brokolia jaten den bezala irensten nituen albisteak: sudurra itxita eta osasunarentzat —edo zerbaitentzat— ona dela sinetsita, hausnartu barik nondik eta zenbat buelta eman eta gero iritsi den hori nire sukalderaino.

Eta benetako helduei azkenean brokolia gustatu egiten zaie, eta bizitzako momenturen batean albistegiak ere bai, oso sentsazio erosoa baita pentsatzea jakin beharreko guztia bazkaldu bitartean kontatzen dizula gizon ile-urdindun karismatiko eta fidagarri batek, edo emakume gazte, eder eta jantzi koloretsudun batek. «Zuk jan lasai».

Orain, udan, déjà vu batek hartzen nau otorduro edozein albistegiren sarrerako sintonia entzutearekin bat. Tomate eta atun entsalada, euliak, azalean neoprenoa bezala senti daitekeen hezetasun beroa, haizagailuaren soinua eta inguruko sukaldeetako leiho irekietatik albistegi gehiago, prompterren arteko norgehiagoka dialektikoa patioetan zehar. «TVE zihoan irabazten eskuinetik baina uuuuiiiii, azken momentuan aurkezleari 'ETAko preso politiko' esaldiak ihes egin dio eta aurreratu egin zaio Telecinco! Zerbait kopiatu nahian dator ETB2 beste aldetik, ze estrategia ote dakar gaurk... a, EAJ gauzak egiten berriro... ea ETB1en zer dag... ui, ba bukatu da». Agenda politikoa geldirik dagoen hilabeteetan ere nabaritzen da bakoitzaren interesen usaina, hondartzara eramateko eskalope usainarekin nahasten dena eguerdiko aire beroan.

Okerrena da gure etxeko pedagogiari esker ezin dudala albistegirik ikusi barik egon, beraz, modu entretenigarri bat behar dut hau guztia jasangarri izan dadin. Saiatzen nabil albistegi bakoitza «Basques of Late Capitalism» Twitter kontuko kanal berezi balitz bezala ikusten —ezagutzen ez baduzue, jarraitu—. Edo modako telesail bat dela irudika dezaket bestela, non, hamar minututik behin, ile laburdun emakume baten abenturak kontatzen diren, azpiegitura handietan eta industria modernoetan barrena. Edo besterik barik, bazkaltzera mugatu naiteke telebista itzalita eta Eguraldia hasten denean piztu, Urbiako ardien argazkiak ikusteko behe-lainotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.