Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Aldaketaren herria

2019ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Piedras Albas iragan mendean iltzatutako Caceresko herria da askorentzat; niretzat, ordea, aldaketaren herria da zalantzarik gabe. Azken hirurogeita hamar urteetan, nire familiaren sorterriko hamar biztanletik bederatzik herritik kanpo bizitzea erabaki dute, eta egun bertan irauten duten 140 ingurutik gehien-gehienak zahar-etxetik gertuago daude haurtzaindegitik baino. Herriko kaleak algaraz eta bizipozaz betetzen zituzten lehengo jai eta herri-kirolen txapelketak desagertu egin dira. Orain, gehienbat adinekoei zuzendutako ekimen kultural berriek ez dute balio herritarren bizitza eta sozializazioa ardazteko lehengoek egiten zuten moduan. Aste Santuko prozesioetan kristau praktikante nahikorik ez, eta idazten dizuen ateo honi ere eskatu behar izan diote soinean Ama Birjina paseoan eramateko behin baino gehiago-tan.

Kapitalismo industrialak Extremadura estraktibismoari lotutako eskualdea izango zela erabaki zuen aspaldi. Metropoliaren barnean badago ere, kolonia-izaera du, Extremadura saqueada liburuan (1978) argi azaltzen den moduan. Lurraldea zeharo ustiatu dute azken hamarkadetan: ura, janaria, elektrizitatea, mineralak —230 meategi berri sortzeko planak daude— eta bestelako baliabideak ez ezik, jendea ere lekualdatu dute garapenaren izenean. Urruneko hirietako industrializazioaren berri jaso orduko, gehienek luzeegi zirauen lurraren banaketa desorekatuari bizkar emateko aukera ikusi zuten, baita aprobetxatu ere.

Herriko kale oso bat biztanlerik gabe aspaldi geratu bazen ere, arkitektura-estilo arrotzeko eraikuntza berriak han-hemenka topa daitezke. Behin, gustu eztabaidagarriko etxe horiek hizpide, senide batek kritikoegia nintzela leporatu zidan: aldaketa oro desatsegin al nuen, ala? Bada, ez, baina nolabait uste nuen badirela hamarkadak bertako zenbaitek herria erabat itxuraldatu duten hainbat erabaki sakon hartu dituztela, inolako eztabaida edota hausnarketarik gabe. Aldaketok naturaltzat ez ezik, zorionekotzat ere badituzte. Horretan datza arriskua: garapenaren ideologiak dakarren eraldaketen sakralizazioa, interes jakin batzuen mesedetan manipulazio historikoaren ondorioa direla onartu ordez. Mario Morales Caceresko aktibistaren hitzetan: «Ez da aurrerabiderik egongo suntsiketaren bidez. Ez da aurrerabiderik egongo desarrollismoaren bidez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.