Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

'Ecce homo'

2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Uztaileko eguerdi eguzkitsu batean gertatu zen, lanetik etxera itzultzen nenbilela. Ordu horietan topatzen nuen jendea ez zen bereziki deigarria izaten: adineko paseari kementsuak—makulu bana eskuetan— eta umeekin parkera joaten ziren gurasoak. Egun horretan, ordea, adin ertaineko emakume batek atentzioa eman zidan: oinak herrestan zebilen, astiro-astiro, urrats bakoitzean balantzaka. Edonoiz oreka galdu eta lurrera eror zitekeela zirudien. Larrituta, berehala hasi nintzen anbulatoriorainoko distantzia buruz kalkulatzen, bere janzkerari erreparatu nion arte. Praka eta kamiseta zuriak, gerriko gorria: sanferminak. Tren-geltokiko bidetik zetorren, Iruñetik itzultzen ari zen gaupasa egin ostean, oraindik aitzurtuta edota biharamunak jota.

Duela bi egun, etxetik entzun nituen suziri-hotsek Gasteizko jaiak hasi zirela iragarri zidaten. Zenbait lagunek, emakumezkoek gehienbat, esan didate datozen egunetan kalera ahalik eta gutxien irteteko asmoa dutela, festazale askoren jarrera dela eta. Askotan pentsatu dut blusa eta nesken jantziak basakeriatan aritzeko baimen modukotzat dituztela hainbatek. Alkohola da, baina, ezinbesteko faktorea jaietako petralkeriak normalizatzeko, legatza hartu duenari onartezinezkoaren muga lausotzen dio gizarteak. Algortako lagun batek honela deskribatu zidan bertan urtero ospatzen duten paella eguna, inoiz ikusi dudan mozkodromorik handiena: «Zoologiko hutsa da».

Jai alkoholikoen ondorioak ez ditu hurkoak bakarrik pairatzen. Ezin dut ulertu zerk ematen ote dien batzuei hurrengo mozkorraldia izateko gogoa izaten dituzten biharamunak ikusita—eskerrak horri aurre egiteko ere zenbait droga daudela salgai, botiketan nagusiki—. Kalte ekonomikoa ere badago: zenbait ezagunek parranda-gastuetan hiru eta lau zifrako zenbatekoa erraz xahutu dezakete hilero.

Ez pentsa publikoki desinhibitzearen aurka ari naizenik. Ezta drogen aurka ere. Alkohol-kontsumoaren inguruan antolatutako jai ereduak larritzen nau. Jaietan edatea ez da soilik gauza erraza: esperotakoa da. Zenbat gaztek ekin diote edateari lehen aldiz lagunen presioaren eraginez? Eredu hau ez legoke hain errotuta tartean etekin ekonomiko ikaragarriak ez baleude, eta kritiko izateko asmoa duten hainbat herri mugimendu ere horren atal garrantzitsu dira. Militatu izan dudan zenbait taldetan burua hausten genuen dirua lortzeko moduren baten bila alkoholik saldu gabe, baina nire inguruko txosna eta gaztetxeetan, aldiz, alkohola barra-barra ibiltzen da. Barne eztabaidarik egongo ote da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.