Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Diplomazialari anarkista

2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Aspaldian irakurri nuen Fernando Pessoak 1922 urtean argitaratu zuen Bankari anarkista narrazio satiriko laburra. Bertako protagonista boterearen erakundeen kritiko zorrotza da, baina, asko hausnartu eta gero, borroka kolektiboa emantzipaziorako tresna efikaza dela ukatzen du. Ondorioz, bere askatasun pertsonala lortu nahian, bankari bihurtu eta dirua lortzeari ekiten dio buru-belarri. Kontraesan eta arrazoibide bihurriei buruzko kontakizun xelebre bezain interesgarria utzi zigun idazle portugaldarrak.

Bada, orain dela gutxi antzeko istorio bitxi baten berri izan nuen, baina oraingoan hezur-haragizko protagonistarekin. Carne Ross britaniarrak Pessoaren bankariaren kontrako ibilbidea egin zuen. Erresuma Batuko gobernuarentzat diplomazialari ibili zen hamahiru urtez, 2002 urtera arte. Irakeko gerraren atarian, NBEko Segurtasun Kontseiluan lanean ari zela konturatu zen ezin zuela munduko ministroen aurrean irribarre bat erakutsi eta haien zerbitzura jarduten jarraitu.

Apurka-apurka, estatuaren zerbitzari leial eta zintzo hori ohartu zen gobernuetako politikariak ez direla pertsona bereziki konpetente edo argiak, eta ezintasun handia dutela haien politikek dakartzaten ondorioak kontrolatzeko. Halere, jendearen aurrean munduko arazo guztiak konpontzeko gai balira bezala azaltzen dira beti: Estatuak bere existentzia beharrezkoa dela sinetsarazi behar dio jendeari, nahiz eta, Estatuaren interesak gizartearen interesekin bat egiten ez dutenean, jendearen kaltera jokatzeko eskrupulurik ez duen. Hortaz, herriaren antolakuntza mota espontaneoen aurka egiteko joera du, horrek alternatibak posible direla erakusten baitu. Lankidetza, elkartasuna, gizakiek erakuts dezaketen alderdirik onena ukatzeko prest dago, azkenaldian Mediterraneoko salbamendu-ontzietan ari direnei egindako jazarpenean ikus daitekeenez.

Zintzotasunagatik, bere lana utzi eta anarkismoaren defendatzaile publiko bilakatu da Ross. Askok kanpotik teorizatu duten hori berak bare-barnetik ikusi du: erakunde handiek eta liderrek beren boterea defendatzea lehenetsi eta gizartearen beldurrez abusatzen dute. Bere ustez, jendeak boterea, erabakitzeko eskubidea izango balu, inork baino hobeto azal lezake zein diren bere lehentasunak. Autonomia edo ahalduntzea gizakiaren berezko baliotzat du: soluzioak proposatzea hierarkiak ukatu gabe alferrikako kontua dela. Nire ustez, joera horri azken mendeetan anarkismoa esan bazaio ere, izan asko har lezakeen praktika edo bizi filosofia da. Eztabaida helburuetara mugatu bainoago, hori lortzeko bideetara zabaltzea komeni zaigu krisi garai honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.