gorka julio
IRLEN SAREA

Glovoko langileak grebara

2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Gasteizko Glovoko langileak grebara doaz. Motxila horiko langile prekarizatuek beren lana gelditzea erabaki dute —enpresak 2,5 eurotik euro bakar batera jaitsi du komisio minimoa—. Erabakia beste enpresa baten langileei, Deliverooko enpresako ia 100 langileri, langile izaera eta ez autonomoena aitortu dio.

Ez da kasualitatea, behin baino gehiagotan aipatu dugu enpresa horiek gastuak kanporatuz eta lege zirrikituak erabiliz egiten dutela negozioa. Ezinbestekoa dute bizi ahal izateko, hori gabe ez lirateke existituko. Erregulazio gogorragoak etorriz gero, desagertu egin daitezke. Etorri diren bezala, joan.

Hala ere, bidalketa zerbitzu mota hori gelditzeko etorri dela dirudi. Zalantzan jarri dezakeguna eredua da, edo ba al da hori bera egiteko beste biderik? Hori da hainbatek uste dutena, eta horregatik Bartzelonan eta Madrilen hasi dira beste era batera lan egiten duten enpresak sortzen.

Mensakan —Bartzelonan mantso bada ere— hasi dira zenbait lan egiten, eta laster aterako dute aplikazioa. Bestetik, Madrilen La Pajara kooperatiba sortu dute helburu berarekin.Azken horiek eredu bereziki interesgarria dute: soilik txirrindaz banatzen dituzte produktuak, plataforma handien alternatiba eskainiz. ezagutza trukatzen dute, ekonomia sozial eta solidarioko sareetan, tokiko, estatu mailako eta Europako beste agente batzuekin. Lan aukera iraunkorrak garatzen dute helburu, bai beraientzat bai beren kolaboratzaile diren ekimenentzat.

Nola da posible lau lagunen kooperatiba batek, nahiz eta laguntza izan, Glovo, Deliveroo edo Uber Eatsekin lehiatzea? Seguruenik beste sare batzuekin harremana eta elkarlanaz gain, faktore garrantzitsuenetako bat Coopcycle plataforma da. La Pajarak Coopcycle plataformaren bidez eskaintzen du zerbitzua. Plataforma horri esker, gestio guztia eraman dezakete eta entitate kolaboratzaileek ere beren menua kudea dezakete. Software librekoa da eta garapen petsonalizatuak egin ahal izateko tresnak ere eskaintzen ditu. Ez da hori bakarrik: sare handiago baten parte dira, federazio bat. Horrelako plataforma batek kostatuko lukeena asko murrizteaz gain, ikusgarritasuna ematen dio proiektuari. Pentsa orain zenbat alorretan egin daiteke gauza bera. Aukera itzelak ikusten dituen bakarra al naiz?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.