Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Egiteko

2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Oro errana da, baina ez nik», zioen poetak. Berdin du aurrez zenbat eta zenbat zutabegilek egin duten estropezu harri berberekin. Berdin du fede oneko zenbat lagunek ohartarazi duten garaiz. Hasiberriak bere irristaldi propioak egin behar ditu, bere kalkulu optimistegiak, bere hanka-sartzeak. Eta ondorioak kudeatzen ikasi. Asmo puztuegiak bere muturrean lehertu behar zaizkio, ez beste inorenean. Ezin baitaiteke inor iritzi emaile sentitu, kuadrillako batek «saiatzen naiz, baina ez dizut ezer ulertzen» esaten dion arte; edo Twitterreko mundutxoa asaldatzen duen arte bere zutabe denentzat —norberarentzat ere bai— zerbaitegi batek. Ezin taxuzko iritzi emailearen lekuan jarri, eztabaida batek norberaren errealitate txiki hori aldatzearekin mehatxu egiten duela sumatu eta galduta sentitu gabe. Ez eta konprobatu gabe, kontrara, hurrengo egunean munduak martxan jarraitzen duela berdin.

Oro errana da. Eta nik ere, honezkero, utzi ditut idatzita euskarazko telebistaz (gehiegi errepikatu gabe) esan ditzakedan gehienak. Dardo kamuts bakarren bat, bultzada izan nahi zuten hitz atseginagoak, eta erantzun borobilen faltan, galdera ahal bezain pertinenteei begira jartzeko gako gutxi batzuk. Gero baino jende gehiagori —baina oraindik nahikoari ez— ardura zaion helburu batekin: zinematik haragoko euskarazko ikus-entzunezkoak kalitatezkoak, ausartak, askotarikoak eta baldintza duinetan egindakoak izan daitezen.

Purrustada bat geratu zait bota gabe: ETB da hizkuntza minorizatu baten telebista publikoa izanda gaztelaniazko katea ere baduen bakarra. Baina onartu dugu honezkero: apenas dagoen hori aldarazteko tinko eta ausardiaz lanean ari denik. Ez euskalgintzatik, ez politikatik, ez herri mugimenduetatik. Euskarazko ikus-entzunezkoen osasun ona bermatuko bada, ezinbestekoa da pauso hori. Anitzagoa behar du ETBk, ausartagoa, sarera egokituagoa, audientziez ahaztuagoa, eta nagusiki euskaraz. Eta gainontzeko euskal hedabideekin elkarlanean aritzeko prest.

Hori esanda bai, kontzientzia lasai dudala agurtu naiteke Ekografiak den txoko honetatik. Pantailaz idazteari utziko diot, pantailarako idazten saiatzeko. Asmo handiegiekin berriz, eta hitz jokoari ihes egiterik gabe. Oro errana da, baina ia dena dugu egiteko oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.