Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Politika eta praktika

2018ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzeak erantzunak baino gehiago eragiten ditu galderak. Neurri handi batean, Londreseko Gobernuak ez duelako aditzera eman zehazki zeintzuk izango diren horren ondorioak. Esparru batzuetan hartu omen ditu erabakiak eta, badirudi, europar naziotasuna dutenek herrialdean jarraitzeko eskubidea izango dutela. Bi urte dira jada britainiarren erdiak baino gehiagok bozkatu zutela brexit-aren alde, baina denbora laburregia izaten ari da Mayren gobernuarentzat fronte guztiei egoki heltzeko —2019ko martxoaren 29an utziko dute batasuna—.

Hizkuntza politikari dagokionez, Westminsterrek ez du plan jakinik. Erresuma Batuko nazioetan eta erregioetan hitz egiten diren hizkuntzekiko brexit osteko praktikaz, alegia. Bi norabideetan, betiere. Herrialdearen muga barruko eta kanpoko harremanetan izango duelako eraginik. Behin-behinean, Europako Batasunetik ateratzeak ondorio negatiboak izango ditu hizkuntza ez hegemonikoentzat. Batetik, hizkuntza erregionalak eta minoritarioak babesteko Europako Kontseiluaren itunak zein diru-laguntzak ezingo dira aplikatu Erresuma Batuan —aurrez, bestelako hitzarmenik adosten ez bada—; eta bestetik, nazioarteko salerosketak egiteko ingelesa hobetsi liteke ia sektore guztietan —hizkuntza ez hegemonikoak are gehiago zokoratuta—. Etxeko adituak kexu dira, politika zehatzik gabe ezin dituztelako etorkizuneko hutsuneak identifikatu; ezta plangintzarik egin ere.

Ez dago praktikarik politikarik gabe, hain zuzen ere. Azken urteetako euskarazko zinemaren arrakasta horren adibide perfektua da —ondo azaldu zuen Olatz Beobidek BERRIAn—. Politika batek ezartzen ditu alor batean eskuratu beharreko helburuak, eta plangintza, berriz, horiek lortzeko mekanismoez arduratzen da. Horretarako behar da aurrez ikerketa egitea, jakina. Ez dago ebidentzia argirik telebistak komunitate batengan izan dezakeen eraginaz, hizkuntza biziberritzeko eta erabilpena sustatzeko. Baina iruditzen zait ahalegin publikoa, profesionala eta akademikoa egin behar dela egungo ikus-entzunezkoen egoera ulertzeko, etorkizuneko joerak identifikatzeko. Bizi dugun mundu globalean, non hedabideen eguneroko erabilera nabarmen handitu den, nekez sinets dezaket telebistak ez duenik inolako eraginik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.