Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Aktibistak

2018ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Big Warda, Batman eta Starfire bezalako superheroiak burura etortzen zaizkidalako edo, nahiago dut aktibista hitza erabili heroia baino. Aktibistak lirateke baliabide falta ahaleginarekin ordezkatuz irauten dutenak, egoera batek hobera egingo duen esperantzaz. Hizkuntzaren esparrura ekarrita, hizkuntza gutxituen erabiltzaileak lirateke parekoak. Hain zuzen ere, erabilerarekin haien hizkuntza eraman nahi dutenak hegemonikoen maila berera, «gure lana delako». Horixe bera adierazi zuen ETB1eko Euskalonski saio berriaren protagonistetako batek. Areago, nork egingo du guk egiten ez badugu? Programak mugarik gabeko euskaldunak munduan erakutsi nahi ditu.

«Batzuek euskara daramate munduan barrena, eta beste batzuk euskarara datoz munduko edozein zokotatik». Tristea ere izan daiteke atzerrian bizi den lagun baten ahotik entzun behar izatea zein garrantzitsua den erabilera. Euskararen hiztun kopuru handiena Euskal Herrian dago, eta aldi berean zenbakaitzak dira euskaraz bizitzeko oztopoak egunerokoan —batzuk azpimarratu zituzten gonbidatuek—. Ondorioz, euskara hitz egitea aktibismoa bilakatzen da. Zurea den lurraldean galduta sentitzeraino, akaso. Kilikagarria izan badaiteke sentsazio hori; komeni da ziurtatzea arriskurik ez egotea, irtenbidea aurkituko dugula. Euskararen erabilera urriak ba ote du irtenbiderik? Ironikoki, etorkizun iluna iradoki zezakeen saioetako batean Pello Reparazek abestutako Sex Pistols taldearen No future kanta mitikoa.

Bestalde, «mapa geografikoetan baino, mugak gure buruan daude». Nork pentsatuko luke euskaldun batek Parisko glamourra inork baino hobeto ezagutzeaz gain, Julio Iglesias abeslariaren zale amorratua ere badela? Aurreiritziak apurtzeko bide ere izan liteke ETB1en saio berria. Besteak beste, batasuna eta aniztasuna osagarriak direla erakusteko. Euskalonski ikusita, ohartzen zara baita ere zein baliotsuak diren teknologia berriak eta euskarazko hedabideak atzerriko euskaldunentzat. Mugarik gabeko hiztun bati entzun nion esaten maiz kontsumitzen dituela ETB1, Euskadi Irratia eta euskal literatura. Aktibista sutsua. «Aupa zu», Reparazek esango lukeen bezala. Eta kritikariak ere ez ote gara aktibistak? Telebista saioak guk gurtzen eta egurtzen ez baditugu, nork egingo du?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.