Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Hirugarren partea

2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Ez nuen nik beste behin ere Miren Maniasek irekitako bideari jarraitzeko asmorik. Baina hara non Kontxan topatu dudan—eguzkia hartzeko ordu erdiko tartea atera eta hondartza preziatura hurreratu naizenean zutabe hau idazteko aitzakia. Ez, ez naiz Woody Allenen filmeko grabaketa taldearekin gurutzatu. Gauza jakina da Donostia aldamioz josia dagoela, batzuek irrikaz eta beste askok beldurrez begiratzen dugun transformazio etengabean. Jakina den bezala, eraikuntza enpresek ez dute aukera galdu «marko konparaezinaren» bueltako zaharberritze lanen estalkiak luxuzko publizitate euskarri bilakatzeko. Bada, hantxe topatu dut, Kontxako bi erloju handiekin parez pare, La casa de papel telesailaren hogei metro luzeko afixa: hirugarren denboraldia iragarriz, eta —nire harridurarako— euskaraz.

Dena aitortu behar bada, euskaraz dela esatea askotxo esatea da: telesailaren gaztelaniazko izenburuak eta protagonisten argazkiak hartzen dute afixa erraldoiaren zati handiena. Baina gerturatuz gero, behean eta goiko aldean, euskara disimulatu samarrekoak diruditen bi esaldi irakur daitezke: «3. partea» eta «Netflixeko serie bat». Esaldien tamaina edo zuzentasuna epaitzeaz harago, badago analisirako ematen duen egia ezohiko bat: Netflixek Kontxan euskarri publizitate erraldoi bat zuela jakinda, euskarari (eta euskaldunoi) keinu bat egitea erabaki du. ETBk ere ez du beti hala egiten. Asimilazioa, lorpena, marketin hutsa den? Zure esku.

Hirugarren denboraldiak epel samar utzi nau. Lehen atala kaskar samarra da, lehen sekuentziatik bertatik hasita. Telesailaren arrakastak akzio harrigarriak eta pertsonaien gorabehera afektiboa gurutzatzen diren muturreko egoerak ditu oinarri. Bestela esateko: El profesor kanpoan eta hiri izena duten gainontzeko pertsonaiak eraikin erraldoi batean itxita daudela sortzen den galdera hori da interesgarria: «Lortuko dute bizirautea eta polizia engainatzea?».

Lehenbailehen itzularazi dituzte pertsonaiak lehengo egoera bertsura; baina ez dute asmatu haien bizitza arriskuan jartzeko motibo sinesgarria aurkitzen. Antzematen da hirugarren denboraldia ez zegoela aurreikusita, arrakastak eskatuta luzatu dutela. Hala denean, marketinean jartzen da hutsuneak betetzeko ahalegina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.