Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Kolpez kolpe'

2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Hain da handia ikus-entzunezkoen eskaintza egun, eduki guztiei kasu egitea zaila dela telebista kritikariontzat ere. Baina azkenean hartu dut tarte bat Hamaikaren saio berria ikusteko: Kolpez kolpe. Urriaren 16an estreinatu zuten, eta asteazkenero ematen dute, 22:00etan. Ordubeteko saio berria gaurkotasunari «ukitu azidoa emateko» helburuarekin sortu dute. Horretarako, «kaleko lau ahots» gonbidatzen dituzte platora, eta Interneteko beste hainbaten iritziekin osatzen dituzte bideo pilulak. Lantalde teknikoa, berriz, gehiengo emakumez osatua dago: erredakzioan Andrea Lopetegi, errealizazioan Lara Iturain, ekoizpen lanetan Maddi Mochales eta grafismoan Nagore Sarasola. Saioaren gaineko pista batzuk ematen dituen sintonia indartsua Kaki Arkarazok sortua da, berriz. Eta aurkezle lanetan, azkenik, aspaldiko aurpegi ezaguna berreskuratu du Hamaikak: Naroa Iturri kazetaria.

Lehen atala Bartzelonako istiluen gaineko irudi bortitzekin hasi zuten. Euronews telebista katearen No comment albistegiaren estiloan: hitzik gabe. Platoan, aldiz, Kataluniarekin izandako harremanaz hitz egiteko zain zeuden lau lagun: Unai Apaolaza filosofoa, Miren Legorburu administraria, Ainara Maia filologoa eta Asier Errasti Hamaikako kazetaria. Pantailaren eskuinaldeko mahaian, berriz, Iturri zegoen-David Broncanoren (La Resistencia) estiloan, esango nuke—. Tertulia goxoa antolatu zuten Donostiako platoan. Dekoratu sinplea eta aldi berean beroa, gustatu zitzaidan. Gonbidatuak zein kazetariak eroso sentiarazteko aproposa, hain zuzen.

Hamaika telebistaren baliabide tekniko eta ekonomiko mugatuak kontuan hartuta, errealizazio txukuna du Kolpez kolpe-k. Erritmo aldetik, egokia iruditu zait. Kazetarien kamera aurreko lana (Iturrirena eta Errastirena) nabarmenduko nuke. Lehen atala izanda, aski ongi aritu zirelako platoan. Dena kontrolpean zutela zirudien. Bestalde, patxadaz ikusteko programa dela esango nuke. Etxeko sofan edo ohean botata, esaterako. Hau da, ez da janaria prestatu bitartean ikus daitekeen horietakoa; izan ere, begiradaren arreta ezinbestekoa da haria jarraitzeko. Ildo horretan, saioaren zuzeneko ordutegia aproposa da. Agian, platoa saioaren oinarria izanik, ordubeteko iraupena pixka bat luzea egin zait lehen atalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.