Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Agintarien hautua

2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Hautsak harrotu ditu Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariaren txio batek: «Hauteskunde gaua igande honetan ETBn: euskarazko saioan, bi aurkezle eta lau solaskide; gaztelaniazkoan, hiru aurkezle, sei solaskide+alderdi politikoetako bost ordezkari. Gaztelaniaz (ia) dena bikoitza». Gaiak duen interesa kontuan hartuta, eztabaida berehala piztu da euskal txiolari batzuen artean. Urkizu iaioa da ETBko datu objektiboak ematen, eta Twitterreko elkarrizketa berean gehitu zuen hau: «Joan den igande gauean: ETB1eko Gaur Egun albistegiak 15 minutu, 49 segundo; gaztelaniazko Teleberri-k, 34 minutu, zazpisegundo. Askoz alde handiagoak egon dira iraganean». Horri guztiari erantzuten lehena izan zen Amaia Etxezarreta Ansa ETBko kazetaria: «Dena egia. Baina ikusleek jar dezatela ETB1 eta audientziak ere marka dezala aldaketa». Areago, «entean ahizpa txikia da ETB1... Baina uste dut ikusleek ere merezi baino okerrago tratatzen dutela. Euskaraz ere saio eta albistegi duinak eta ikusgarriak badira eta ikusle gutxi».

Handik gutxira iritsi zen errealitate horren azalpen subjektiboa. @Unaimy kontuaren atzean dagoen lagunak honako hau erantzun zion Etxezarretari: «Hauteskunde gauetan ETB2 ikusi ohi dut, baliabide gehiago daudelako eta nabaritzen delako. Eta albistegiak ere, ETB2 ETB1 baino lehen, ordutegi hobea duelako. Zer esanik ez gertakari berezietan; Parisko atentatuak, adibidez. Euskarazko edukiak kontsumitu nahi, baina ETBk zail jartzen dit». Twitterreko eztabaidara batu zen Joxe Rojas: «Publiko euskaldunak ahalegin militantea egin behar duela, aukera landu eta erakargarriagoak edukita ere, pobreenaren alde egiteko, horrek hurrengorako euskarazkoa hobetzen animatuko duelakoan, ezta? Ulertzen dut arrazoiketa hori. Neurri handi batean konpartitu ere bai. Baina buf!».

Urkizuk emandako informazioa erabat objektiboa da. Euskarazko programazioan dagoen desoreka garbia da. Hori da ETBko agintarien hautua. Beste datu objektibo bat ere bada: Pazko astean, ohiko informazio saioak berreskuratu ziren ETB2n (goizetik gauera). ETB1en, aldiz, Egun on Euskadi-k eta Ahoz aho-k oporretan (edo) jarraitu zuten. Eta telebista orduak, nola ez, errepikapenekin ordezkatu zituzten. Beraz, zehazki zer nahi dute euskaldunok ikustea ETB1en?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.