Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Auzo-lotsa

2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Ez naiz ni konpainia onena telebistari begira egoteko. Ez minutu erdiro iruzkin (ustez) ingenioso batekin ikusten ari naizen emanaldia eteten dudalako—horregatik ere bai—, ezpada auzo-lotsak hartzen nauelako etengabe, eta ez dudalako ihes koldarrenaren bila hasita ondokoak urduritzea beste erremediorik izaten: telebista dagoen gelatik urrundu, bururdi atzean ezkutatu, soinua desgaitu... Edo zarata infantilak egin telebistak dioena estaliz, trago txarra ahal bezain oharkabe pasa dezadan. Dena delakoa ordenagailuan ikusten ari banaiz ere, web leiho berri bat zabaltzen dut —edozein—, egoera deserosoari nola edo hala ihes egiteko.

Buruak lanik egin nahi ez duenean ikusteko diren komedia kaskarrekin gertatzen zitzaidan lehenik. Fikzioa dela jakinagatik, pertsonaiarik baboenak ere pizten du nire enpatia zintzoa: hanka sartzen duenean, edo aurreikustekoa denean harrapatuko dutela auskalo zer egoera lotsagarritan, begiak pantailatik urruntzera behartzen nauen halako su bat pizten zait barruan. Halaxe jarraitzen dut, nire baitan ezin kabituta, sekuentzia behingoz amaitu eta arinduta arnasa sakon hartzen dudan arte: «Egon lasai, pasatu da».

Gehiegizko enpatiaren ajeak bestelako generoetara ere zabaldu zaizkit gerora. Berdin du filma edo telesaila den; thrillerra, drama edo beldurrezko istorioa; aktoreekin egindako lana edo marrazki bizidunetakoa. Dialogoa behartuegia iruditzen bazait, edo antzematen badiot azukre eta koipe gaindosirako joera barkaezin bat, deseroso sentitu, eta haserretu egiten naiz: zuzendariarekin, munduarekin, alboan dudanarekin: «Posible al da ba?».

Fikzioaren mugak ere gainditu ditu nire auzo-lotsak. Tripak dantzan jarri eta behatzak bi belarrietara eramateko moduko motiboak topatzen ditut klase guztietako saioetan: politikarien debateak eta arratsaldeetako tertuliak —elkarri mokoka eta hizkuntza gaitasun ezin eskasagoa duten ordezkariekin—, udako jaietako elkarrizketa aurreikusgarriak, sukalde bueltan egindako saioen txisteak, gonbidatuak lotsarazten dituzten entretenimendu saioak. Gaitz kontrolaezina dut, ez naiz ni —eta nire auzo-lotsa— telebistaren joerak epaitzeko neurgailu neutralena; baina gero eta gehiago kostatzen zait katez aldatzeko premia pizten ez didaten saioak aurkitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.