Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Beldurrezko istorio bat

2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Katebegia. Izango da, ziur asko, azken hamarkadan idatzi diren txosten eta prentsaurrekoetan gehien errepikatutako hitzetako bat, baina bada hori baino gehiago ere. ETB1ek astearte gauez estreinatu duen saioaren izenburua da. Euskal—elebiduna kasu honetan— kazetaritzaren historia gorabeheratsuaren ilunetako bati fokoa jarriz hasi da: Egin egunkariaren itxieraren 20. urteurrenari helduta, ETB1ek aste honetan abiatu du saioa, eta kasualitatea edo ez, Halloween egunez ikusi dut nik.

Beldurrezko istorio bat baino gehiagoren lokalizazio gisa balioko luke Egin egunkariaren eraikina zenak. Katebegia saioan bertan lanean aritu ziren kazetari, zuzendari eta abarrekin batera bisitatu dute, espazioari berari eta bisitak langileengan piztutako sentsazioei garrantzia emanez. Hogei urte dira ETAren menpeko enpresa zela egotzita—behin-behinean baina behin betiko— itxi eta hainbat langile atxilotu zituztela. Elkarrizketatuek —Teresa Toda, Xabier Oleaga, Amaia Ereñaga, Mariano Ferrer, Jabier Salutregi...— atzo izan balitz bezala gogoratzen dute oraindik. Nor bere mamuekin parez pare jar dezaketen galdera ere jaurti du saioak: zergatik ez zuen jaso Egin-ek bost urte geroago Egunkaria-k jaso zuen adinako babesik? 1998 hartan irakurtzen ikasten hasi berriak ginenok testuingurua xeheago azaltzeko ahalegina estimatuko genukeen akaso, baina ulertzekoa da: ordubete eskaseko saioak ez du denerako ematen.

Alde teknikoari erreparatuta, Baleuko ekoiztetxean antolatutako lantaldeak (Ur handitan, 360º) hartua dio neurria testigantzetan oinarritutako erreportaje formatuari. Beste behin, mimoz zaindutako irudia eta soberakinik gabeko edukia ondo uztartu dituzte; muntaketa lanetan edukia antolatzen asmatu dute, haria galarazi gabe erritmoa bizitzen duten tartekatze azkarrekin; eta inork zalantzarik bazuen, Xabier Madariaga gabe ere halakoak fin egin daitezkeela frogatu du Irati Sarasua saioko aurkezle eta zuzendariak. Beldurrezkoak edo ez, ez dira gutxi gure historia ez horren urrunean solasaldi pribatuetarako gelditu diren istorioak. Katebegia-k hasitako bideak badu nondik luzatu, baina saioak, «noizbehinkakoa» etiketa darama oraindik. Saioa egiteko moduak hala eskatzen badu, ados, izan dadila noizbehinka; noizbehinka baina maiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.