Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Lo

2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Iazko urriaren 12an estreinatu zuten Errementari (2017) filma Netflixen. Euskarazko jatorrizko hizkuntzan —ingelesera, alemanera eta gaztelaniara bikoiztuta ere bai—, eta ingelesezko eta gaztelerazko azpitituluekin ikusgai dago. AEBetan egoitza duen bideo plataformak ez ditu ezagutzera ematen ikusle datuak; beraz, zaila da zehaztea Netflixen estreinatu ondotik Paul Urkijoren lanak izandako arrakasta. Halere, ordutik sare sozialetan izandako oihartzunak euskarazko filmak piztutako interesaren gaineko pistak ematen ditu —Errementari-ren Twitter kontua begiratzea besterik ezduzue—. Ez horri lotutakoak bakarrik, baita euskal filmak sustatzeko streaming zerbitzuen gaitasunez ere.

Aboutbasquecountry.eus atariaren arabera, Errementari-ren gaztelerazko artikuluak 1.600 bisitari baino gehiago izan zituen—ingelesez eta euskaraz ere argitaratzen dute—. Oro har, atariak hizkuntza horretan biltzen du irakurle gehien. Bisiten %30 Espainiatik at jasotzen dituzte, eta horien herena AEBetatik iristen zaizkie: ia %9. 2018ko urriaren 13tik aurrera, ordea, blogera egindako bisiten %22 AEBetako jatorria izan dute. Netflixen eragina ote? Haiek diote baietz; «munduko edozein txokotan pelikula eskuragarri» jarri izanak eragin zuzena duela. Areago, «lehen aldiz, guk dakigula, Googleko ingeles bertsioan gure bloga lehen orrialdean agertzen da basque hitza presente egon gabe».

Horrekin guztiarekin ez dut babestu nahi Netflixen arrakasta eredua —Universal bezalako banaketa erakunde batek batez beste urtean 30 film estreinatzen ditu, eta Netflixek 90 estreinatuko ditu 2019. urtean, telesailak kontuan izan gabe—; baizik eta azpimarratu nahi dudana da euskal telebista publikoak bizi duen loaldia, ikus-entzunezkoen kontsumo ohitura berrien aurrean. Fikzioa da produktu izarra, eta edukiak gero eta gehiago ikusten dira streaming-ean. Bien bitartean, EITBko Nahieran zerbitzua berritu gabe dago eta euskaraz ekoiztutako fikzioa inoiz baino fikziozkoagoa da. Hori bai, ETB2ko El Conquistador del Pacífico saioaren iragarki itzelak jarri dituzte Donostiako udaletxe alboan eta Bilboko Arriagaren aurrean. Zenbat kostatu den? Nahieran berritzeko beste, seguru. Laster jarriko dute informazioa Interneten, ohiko gardentasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.