EKOGRAFIAK

Erronka berririk zailena

Miren Manias.
2019ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Agur ala gero arte? Gutuberrak euskarazko websailaren azken atala eman zuten igandean. Erronka Berriak taldearen —Nomofobikak dirurik gabe egin zuen— azken fikziozko lana, eta EITBko webgunearen barne estreinatu duten lehen websaila, hain zuzen ere. Euskarri zein plataforma batean baino gehiagotan kontsumitzeko produktu transmedia da; sarean erabilgarri jartzeaz gain, Whatsapp, Instagram eta Facebook sare sozialetan ere zabaldu dute. Astean lau atal, bakoitza bi-hiru minutuko iraupenaz, eta igandero guztiak batera ikusteko aukerarekin.

Ez dakit zer nolako promozioa egin duten euskarazko websailarekin, baina esango nuke ETB2ko El conquistador del Pacífico-ren bestekoa ezetz. Nekez izango da inor Hego Euskal Herrian, herenegun ETB1eko Euskalonski-rekin batera estreinatutako El conquis-en denboraldi berriaren bonbardaketa komertziala pairatu ez zuenik. Irratian, telebistan, sare sozialetan, egunkarietan, EAEko kale nagusietan... —non ez?— izan dira dozenaka iragarki egunero. Baina hala ez bada, aizue, zorionak; deskonektatzeko gaitasun hori erosiko nuke orain.

Gutuberrak-en gaia ez zen erraza: etxegabetze baten mehatxuari aurre nola egin. Youtuberra bihurtzea baino ideia hoberik? Hori bururatu zitzaien websailaren protagonistei; «zuk zer egiten dakizu»-tik abiatuta, elkarri laguntzea. Alegia, elkartasun balioak azpimarratuz. Lasai, ez dut spoilerrik egingo —websaila ikusgai dago gutuberrak.eus-en—, eta jarraitu dezakezue lerro hauek irakurtzen. Lan txukuna iruditu zait; batez ere, gidoi, audio, irudi eta edizio aldetik. Baita erritmo biziko produktua ere; elkarrizketa askokoa, websailen beharrezko ezaugarria. Bestalde, istorioak modu egokian egiten du aurrera, atalen arteko lotura argia eginez, eta ikuslearen arreta harrapatuz. Iragarkirik gabe, sofan botata, neguko arratsalde euritsu batean (noizko?) osorik ikusteko modukoa da.

Halere, hori ez da websailen kontsumo eredu nagusia; sare sozialen bitartez, autobusean, metroan edo trenean ikustea baizik. Nagusiki, sakelakoan. Horren haritik, fikzioa eta egunotako gertakizunak uztartzea Gutuberrak-en erronka berririk zailena iruditu zait. Interesgarria litzateke, beraz, websailaren audientzia aztertzea, euskarazko transmedia produktuen estrategia sendoagoa garatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.