Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Etxe barrutik

2019ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Euri asko egin du ordutik. Geroztik, bata zein bestea, hainbat lan eta roletan ikusi ditugu fin. Eta hala ere, batera ikusiz gero, ezin Mihiluze-ko aurkezle bikotea osatzen zutenekoa burutik kendu. Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz. Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano. Askoren imajinarioan toki konpartitua izateaz gain, hainbat ezaugarrik berdintzen ditu. Biak dira erregistro oso zabalean aritzeko kapaz, gai konplexuenak modu argian —arinean izan gabe— komunikatu zale, eta biek egiten dute lan arduraz, non dauden eta zertan ari diren jakitun; ezer ezkutatu gabe bada ere, eragiteko bokazioz. Euskalgintzatik, feminismotik...

Kike Amonarrizek aste honetan bertan Ahoz aho saiora egindako bisitak elkartu ditu azkenekoz. Ohiko rola utzita, elkarrizketatuaren paperean aritu da bera, eta puntua jartzen aldiz, saioko aurkezle Ilaski Serrano. Hizpide hartu duten gaia ere ez da batere ohikoa izan: meta-telebista ariketa eginez, euren etxearen —hala esaten diote ETBri bertako langileek— norabideazeta etorkizunaz aritu baita Amonarriz. Serranoren konplizitatearekin, Eusko LegebiltzarreanEITBren erreforma integrala aztertzeko sortu den lantaldean aurkeztu duen txosteneko hainbat puntu azaldu ditu. Laburbilduz, dioena da asko aldatu dela Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa ETB sortu zenetik —euskararen ezagutza asko hazi da, erabilera ez hainbeste—; eta ezinbestean, estrategia aldaketa eskatzen duela horrek. Bide berri horretan, euskarazko edukiak lehenestea eta erdarazko kateak elebidun bihurtzea proposatu du.

Baina lehenago ere —bat baino gehiago aspertzeraino— zutabeotan maiz aipatu ditugun kontu horiez gain, bestelakoak ere esan ditu Amonarrizek. Tartean, hauxe: euskalgintzatik errazegi kritikatu izan dela ETB, eta hori akatsa dela, euskararen normalizaziorako ezinbestekoa delako. Ez zaio arrazoirik falta. Badaezpada, eta joera hori ez areagotzeko, neuk ere utziko diot pixka batean kexati eta haserre ETBren hizkuntza politikaz idazteari. Akabo soziolinguistika, normalizazioa eta gisako hitzak bolada —ahal dela luze— baterako. Ez dakit galtzen ari garen, galtzen ari diren, edo galduta gauden, baina etxe barrutik eragiteko prest eta gogotsu dauden langileak badirela gogoratuta, itxaropentsuago nago. Bai, behintzat, datorren astelehenera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.