Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Eskoziako telebista berria

2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Igandean abian jarri zuten Eskoziako BBC Scotland telebista kate berria. Arratsaldeko zazpietan. Aurrez grabatutako bideo musikatua izan zen lehen emankizuna, Glasgowko Chvrches (elizak) taldearen eta BBC Orkestra Sinfoniko Eskoziarraren eskutik. Ingelesez abestu zuten bakarrik —nonbait, eskoziar gaelikoa ahaztu zuten—, herrialdeko lekuen, paisaien eta pertsonen irudiekin batera. Musika tresnen artean, besteak beste, biolinak, biolontxeloak, tronpetak, flautak eta organoak ageri ziren. Eskoziako gaitaren presentziarik ez. Deigarria, bederen.

BBCren kate berria guztiz digitala da. Eguneroko emisioa izango du, baina programazio ordu nagusiak arratsaldeko zapietatik gaueko hamabiak bitartean izango dira. Tartean, «Eskoziako gizartearentzako» dokumentalak, fikzioa, umorea, albisteak eta gaurkotasuneko edukiak eskainiko dituzte. Gainerako emisio orduetan, berriz, BBC Twoko programak egongo dira ikusgai; politikaz, kirolaz eta musikaz, nagusiki. Scottish First Minister's Question eta Politics Scotland saioak, esate baterako.

Donalda MacKinnon BBC Scotlandeko zuzendariak adierazi du telebista berria «arrakastatsua» izan litekeela, «denborarekin». Oraingoz, behintzat, ez dauka kezkatzeko arrazoirik: batez besteko %13ko ikusle kuotarekin, igande gauean hirugarren katea izan zen Eskozian —BBC One eta ITV1 aukeren gainetik—. Ikusle daturik altuena Still Gamesitcom-ak lortu zuen, 700.000 lagun bilduta pantailaren aurrean. Areago, 21:00etatik 21:30era, Erresuma Batuko kateanitzetako telebista ikusiena izen zen BBC Scotland. MacKinnonek esan berri du, era berean, kate berria ez dela finkatuta egongo ikusle mota jakin batean. «Nire helburua da arrakasta lortzea Eskoziako audientziaren iritzia kontuan hartuta».

Eskoziako sektore komunikatiboan kezka piztu da, ordea. 2008an sortutako eskoziar gaelikozko BBC Albak 15 milioi euroko aurrekontua ohi du, eta programazio orduen %74 errepikapenez osatzen dira. BBC Scotland kate berriak, aldiz, 37,2 milioiko aurrekontua izango du, eta hasierako helburua da programazio orduen %50 errepikapenekin osatzea. Kontuan hartuta gaelikoa hitz egiten duen komunitatea elebiduna dela, kate berriak ikusleak behintzat kenduko dizkio BBC Albari. Haien arteko elkarlana beharrezkoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.