Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Sukaldetik platerera

2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Ez galdetu zergatik, baina seigarren denboralditik hasi naiz ikusten Chef's table (2015) dokumental saila. Jatorriz, Netflix-ek ekoiztutako bigarren dokumental saila da, hain zuzen ere. Munduko edozein txokotako sukaldari ospetsu batean oinarritzen da 50 minutuko atal bakoitza, eta David Gelb zinemagileak zuzendu du. Izatez, ideia nagusia hark ekoiztutako Jiro Dreams of Sushi (2011) filmetik datorrela azaldu du autoreak. Japonieraz errodatutako dokumental amerikarra da hori, 85 urteko Jiro Ono sushi adituaren bizitzan girotua. Onok hiru Michelin izar lortu ditu haren jatetxeari esker: Sukiyabashi Jiro; hamar pertsonarentzako lekua du bakarrik, eta Tokioko metro geltoki batean dago. 237 euroren truke, hogei platerez osatutako dastatzeko menua eskura daiteke bertan.

Chef's table-k sukaldarien gaineko begirada berezia eskaintzen du. Bakoitzaren talentua eta sukaldaritzarekiko duten pasioa erakusteaz gain, ametsak egia bihurtzeko protagonistek egindako ibilbidea azaltzen ditu. Sukaldarien hitzak eta haren gertuko pertsonen adierazpenak erabiltzen dira horretarako.

Seigarren denboraldiko lau atalak ikusiz, bi emakumezko eta bi gizonezko sukaldariren misterioak ezagutu ditut: Mashama Bailey, Dario Cecchini, Asma Khan eta Sean Brock. Besteak beste, oraindik lortu gabeko ametsak, jasandako desbideratze profesionalak, sekretu pertsonalak, damuak, ezbehar familiarrak... Hots, bakoitzaren estiloa markatu duten arrazoiak.

Sean Brock sukaldari amerikarra da —Virginia, AEB— eta «hegoaldeko sukaldaritza» lantzen du. Gaztetatik erakutsi zuen interes handia jakiekiko. Hala, 2000. urtean, Johnson & Wales Unibertsitateko (Providence, AEB) sukaldaritza eskolan lizentziatu zen. Lana, ordea, haren etsairik handiena bilakatu zitzaion. Aitaren pausoei jarraituz, apenas hartzen zuen atsedenerako tarterik—bihotzekoak emanda hil zen aita, Brockek 9 urte zituela—. 2016an, myasthenia gravis (gaixotasun neuromuskular kronikoa) diagnostikatu zioten sukaldari gazteari: hezur-muskuluen ahultasuna begietan. Ezbehar horrek nabarmen markatu zuen Virginiakoaren bizitza. Egun, indarberrituta dago, eta jatetxe bat baino gehiagoren jabea da. Baina haren sukaldetik bezeroen plateretarako bidea misterioz betetakoa izaten jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.