Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Europako euskara proiektua

2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Astelehen gauean, Europako hauteskundeen gaineko debatea ikusi nuen ETB1en. Hautagai politikoek (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP eta Elkarrekin Podemos), herritarren eskubideak babesteko, Europako Batasunera eramango dituzten neurriak eta planak azaldu zituzten. Bloketan banatu zuten eztabaida, tartea utziz elkarri erantzuteko gai ezberdinetan. Eszenaratzea zein gonbidatuen posizio horizontalak ez zuten askorik lagundu, eta dinamika nahiko aspergarria bilakatu zen. Beste kateetan ikustera ohituak gauden estilo berekoa izan zen. Berritasun gutxirekin, alegia.

Programazio orduari dagokionez, nabarmentzekoa da gaztelaniazko saioarekin izandako aldea. Igande gaueko prime time ordutegian eman zuten hori. Eta esango nuke, igandea egun egokiagoa dela ikusle gehienak harrapatzeko telebistako zuzeneko saio batekin. Beraz, gaztelerazko saioari lehentasuna eman ziotela esan liteke. Bestela, zergatik ez zuten saio bera egin euskaraz eta gazteleraz aldi berean?

Eztabaidaren mamian sartuta, gai potoloak mahai gainean jarri zituzten guztiek: immigrazioa, xenofobia, ekonomia, langabezia, trantsizio digitala, aldaketa klimatikoa, genero berdintasuna, gutxieneko soldata, LGTBI kolektiboaren eskubideak, zergak eta eredu fiskala, eta abar. Saioaren erdialdera iritsi zen brexit-a. Zer-nolako eragina izango du? Nola egokituko gara? Inork ez zuen aipatu Erresuma Batuan bizi diren euskal herritarren egoera nahasia. Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezek Izaskun Bilbao jeltzaleari aurpegiratu zion diskurtsoaren erdigunean jarri izana euskal enpresen egoera. «Erresuma Batuarekin harreman komertzialak dituzten enpresen garrantzia azpimarratu duzu, baina han bizi diren euskaldunen egoera ere kezkagarria da». Bilbaok erantzun zion euskaldunen gaineko informazioa ere bildu duela Jaurlaritzak. Zertarako, ordea? Glasgown bizi garenokin, behintzat, ez dira harremanetan jarri informazioa eskaintzeko.

Edozelan ere, hutsune nabaria izan zen bost gonbidatuen kanpaina diskurtsoetan: euskara. Hau da, ez dute hizkuntza gutxituak Europan aldarrikatzeko planik? Zerbait esango zutenaren esperantzaz, saioaren amaiera arte geratu nintzen. Inozoa ni; izan ere, inork ez du halako asmorik azaldu. Bada guk ez badugu egiten, ez du inork egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.