EKOGRAFIAK

Entzumen ariketa bat

Miren Manias.
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Booktegi.eus egitasmoak iaz estreinatu zuen Elkarrizkatea saioaren lehen denboraldia. Literaturaren gaineko tartea da, euskal idazleen arteko elkarrizketan oinarritutakoa. Programaren helburua da idazleak baino gehiago, atzean dauden pertsonak gehiago ezagutzea. Bi aulki eta pareta zuri bat besterik ez dute atrezzo gisa. Bigarren denboraldiko lehen atala eskegi dute jada webgunean —ikusgai dago Kanalduden eta Hamaika telebistan ere—. Laura Mintegi izan da elkarrizketatzailea, eta elkarrizketatuta, berriz, Uxue Alberdi.

30 minutu inguruko iraupena zuen saioak. Aurten, aldiz, ordubetera luzatu dute. Zuzendari eta gidoilari lanetan ere bada berritasunik. Aritz Branton eta Ana Galarraga batu dira, hurrenez hurren. Alderdi teknikoei dagokienez, oro har, berritasun gutxi sumatu dut. Esango nuke kameren lekua aldatu egin dutela, plano zabalak gehiago erabili dituztela eta ez direla hainbeste gerturatzen protagonistengana. Azken hori eskertzen da. Lander Garro zinemagileari jarraituz, halere, elkarrizketatzaileak eta kamerak itsatsirik egon beharko lukete, elkarrizketatuaren begiradari ahalik eta zuzenen so egin diezaion. Aurtengo grabaketa guztiak eginak dituzte, baina, booktegitarrek esan dutenez, 2020rako saiatuko dira hori hobetzen. Bestalde, esango nuke soinua eta irudien fokuratzea ere hobetu daitezkeela.

Uxue Alberdi bertsolaria eta idazlea da. Bereziki gozatzen du elkarrizketak egiten; izan ere, gustatzen zaio «giza kondizioa aztertzea». Pertsonen «ikuspuntu ezberdinei begiratzea», alegia; eta elkarrizketak horretarako aukera ematen dio. «Genero literario» bat da. Esentzian zentratzen den generoa da, esango nuke. Horretarako, ordea, galdera onak egitea beharrezkoa da. Mintegik, alde horretatik, bikain egin du lehen atal horretan. Halere, iruditzen zait haren entzuteko gaitasunaren isla ere badela. Hau da, elkarrizketan aurreikus ezin daitezkeen gauza ugari gerta litezke, eta elkarrizketatzaileak egoera horretara egokitzeko prest egon behar du. Beraz, entzutea ezinbesteko ariketa da saioan. Elkarrizkatea-ren audientziari ere antzeko ariketa eskatzen zaio, eta ikuslea saioaren zati egiten duen elementua bihurtzen da, hain zuzen ere. Horregatik —eta lehen atal honetako elkarrizketa mamitsua dela eta, denbora konturatu gabe pasatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.