Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Egarri

2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Gogoan dut, umetan, helduak zinemaz hizketan entzutean, niri «ihesaldi» filmak gustatzen zitzaizkidala esaten nuela. Nire kuttunak The Great Scape, Victory eta Segoviako ihesa ziren. Egia esan, ez dut oroitzen hiru horiez gain besterik ikusia ote nuen, baina horiek garunean zizelkatuak ditut.

Hori dela eta, Ihesaldia-ren estreinaldiak jakin-min berezia piztu du nigan. Euskarazko telesail baten estreinaldiak berez sortu dezakeenetik harago. Hilaren 15 eta 19 artean eskainiko ditu ETB1ek telesaila osatzen duten bost atalak, baina, honezkero, prentsak izan du aukera lehen atalaz gozatzeko.

Lehorte baten erdian urteak daramatzanak euria nahi du, bost axola zaio nola edo noiz erortzen den. Ikuspegi horretatik baloratu beharrean naiz telesail honen lehen atala, ezinezkoa baitzait behar luken objektibotasunez aztertzea. Egarri nintzen, eta eztarria bustitzeko balio izan dit.

Teknikoki lan fina da, eta aktore lana, batzuetan besteetan baino gehiago, eraginkortasunez burutua dago. Ahulguneak ere baditu, ezin ukatu. Baina gehienak, guztiak ez esatearren, ez dira lantaldearen ardura, aurrekontuarena baizik. Horretaz gain, ETBk egiten duen guztia bezala, zuriegia da, eta zuritasun horrek muga asko jartzen ditu. Oso zaila da mundu guztiarentzat ekoizpenak egitea; ezinezkoa esango nuke, baina badirudi horretan tematuta jarraitzen duela ETB1eko zuzendaritzak. Zuritasun inposatu horretan, oso zaila da grisak eta beltzak sartzea, baina beharrezkoa izaten jarraitzen du. Hortik, lehen ataletik atera eta ikusten ari nintzena ez sinestera eraman nauten uneak.

Bost egunez jarraian emango dituzte atal guztiak. Garai berrietara egokitzeko estrategia omen, kate publikoaren zuzendariaren hitzetan. Bitxia da ETB2n azken urteetan eskainitako telesailetan halakorik ez probatzea. Benetan uste dut, hainbeste urteko lehortearen ostean, beste begirune bat merezi zuela Ihesaldia-k.

Hala ere, bost eguneko eurite honek oparotasun garai luze baten hasiera behar du. Bestela, ezer gutxirako balioko du. Eta hurrengorako betiko ekoiztetxeen artean ez dagoen norbaiti aukera eskaintzen badiote beste gauza batzuk beste modu batera kontatzeko, are hobeto. Logikoa dirudi emaitza ezberdina izateko osagaiak ere ezberdinak behar dutela pentsatzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.