gorka julio
IRLEN SAREA

Trovantak

2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Twitter sare sozialeko @relatandohisto1 erabiltzaileak Errumanian hazten eta ugaltzen diren trovantak harri berezien inguruko pista eman zidan. Kasualitatez, Twiterretik jende asko Mastodon sare sozialetarajoaten ari da, eta neure buruak bi gauzak lotu ditu.

Arroka horiek harri gogorreko nukleo batez osatuta daude. Gainerakoa nukleoaren inguruan sortzen den hareaz osatuta dago, maskor gisa. Oso porotsua den harearen metaketek baino ezin dituzte sortu, eta kaltzio karbonatoz aberatsak diren urek zimentatzen dituzte.

Leku batetik bestera ere mugi daitezke. Horrez gain, harria ebakitzean sustrai antzeko luzapenak eta eraztunen antzeko egiturak ikus daitezke. Urte asko behar dituzte hazteko, baina etengabeko prozesua da. Euri gogor bakoitzaren ondoren, trovantek euriaren mineralak xurgatzen dituzte, horiek harrian dauden produktu kimikoekin nahasten dira. Horren erreakzio eta berezko presioaren eraginez, arroka erditik ertzeraino hazten da: 1.000 urtean, 4-5 zentrimetro inguru.

Sare sozialen dinamika ulertzeko, askotan erabili izan da hazkunde errizomatikoaren ideia, baina trovanten metafora horrek nukleo indartsu baten beharra adierazten du. Hori gabe, nahiz eta euria erori, ez da harria haziko.

Euria egotea ere beharrezkoa da, beraz; komunitatea berritzen duen jendea egon behar du, alegia. Ezin dira beti berdinak izan: sareak irekitasuna eta aniztasunerako aukerak eman nahi baditu, behintzat.

Noizean behin, Twiterretik— beste edozein sare ere izan zitekeen— etortzen direnak euri langarra baino, enbata izaten dira. Kasu horretan ez dakit, komunitate txiki bati, izaera propioa duen horri, mesede egiten dion, baina gertatzen da eta gertatuko da etorkizunean. Unean-unean erantzun beharko zaio etortzen den horri.

Nukleoaren tamaina garrantzitsua da, bai, baina sare egituretan arriskutsua ere izan daiteke eta botere asko eskuratu. Euskaldunak urrun gaude horretatik, eta jada Mastodon erabiltzen duten bi instantzia ditugu —beste sareak utzi gabe ere erabil daitezke, behintzat, saiatzeko—. Horrela, euria egiten jarraitzen badu, hurrengoan nukleoa handiagoa izango da eta hazteko aukera handiagoak izango ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.