Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Auzolana vs elkarlana

2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Euskarazko Wikipediaren arabera, auzolana da «auzotar, herritar, lagun eta bizikideen artean lankidetzan zereginak egiteko sistema» bat. Wikipediaren orri berak dio, bestalde, gaur egun lankidetzaren sinonimo gisa erabiltzen dela auzolana. Horrez gain, Euskal Herrian sustraitua dagoen praktika bat ere bada. Elkarlana, berriz, talde lana da. Adibidez, Zurriolako butaka telebista saioan egiten dena. Hainbat hedabideren artean elkarlanean aritzearen fruitua. Hasieran, bi hedabideren artean hasi zen egitasmoa —BERRIA eta Hamaika telebista—. Egun, lau hedabide batu zaizkie: Irutxuloko Hitza, Gaztezulo, Zinea.eus atari digitala eta Kanaldude. Harritzekoa bada ere, zortzigarren urtez jarraian, zinemaren gaineko euskarazko telebista saio bakarra da. Han izan ez garenontzat, Donostiako Zinemaldiaren jarraipenaz gozatzeko aukera paregabea eskaini digu saioak. Sektoreko profesionalei eta aditu ugariri egindako elkarrizketak, film sinopsiak, aldarrikapenak eta pasadizoak ekarri dizkigute Kursaaletik bertatik gure etxeetara —Eskoziara, kasurako—. Bereziki gustatu zaizkit Jon Garaño, Aitor Arregi eta Joxe Mari Goenaga zinemagileei proposatutako autoelkarrizketa, Ramon Agirre aktorearen aldarrikapenak eta Anabel Arraizaren aurkezle lana. Noski, ez ditut aipatu gabe utzi nahi Urtzi Urkizu kazetariaren (kamera gehiegi zurrupatu duzu aurten) eta gainerako talde teknikoaren ekarpenak. Zorionak!

Hutsune bat antzeman dut, ordea: sektoreko arduradunen presentzia. Jaurlaritzako Kultura sailekoak, gobernuaren eskutik doan ETBkoak, Zinemaldikoak, eta abar. Auzotarrak, herritarrak, lagunak eta bizikideak, alegia. Ez dakit izan den Zurriolako butaka-koek ez dituztelako gonbidatu; halere, haiek badute sektorearen egungo egoeraren gaineko arduraren zati bat, eta esango nuke han egoteko aukera eskatzerik bazutela. Gauza bitxia da, adibidez, Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendariordeari butaka Tabakalerako bulego kanpoaldera eraman behar izatea saioan parte hartzeko. Xelebrea ere bada Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak EZAE euskal zinema aretoek emandako sari emanaldian esandakoa: «Euskal zinema ospatu behar dugu, auzolanean ari garela, eta Zinemaldiak hori erakusteko bozgorailua ematen digula». Nahiago elkarlana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.